M8ko aldarria plazara eraman dute ehunka herritarrek

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 8a, 19:04

Sostenipe Talde Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute 18:30ean, herriko plazan. Mundua geldituko dugu mundua mugitzeko! pankartapean ehunka lagun elkartu dira.

Ekitaldiari amaiera emateko, Sostenipe taldeko ordezkariek honako adierazpen hau irakurri dute:

«Emakume langileez ari garenean lana egiten duten emakume guztietaz ari gara, bai lan produktiboaz eta bai lan erreproduktiboaz, bai soldata duinaz eta bai soldata gabeaz.

Denbora da emakumeok lan munduan gaudela, baina oraindik lanpostu berdinagatik %30 gutxiago kobratzen dugu, eta gainera lanaldi bikoiztua dugu. Izan ere, 'lanetik' irten eta lanean jarraitzen dugu. Europan emakumeok batazbeste astean 26 ordu egiten ditugu lan ordaindugabeak, gizonek berriz 9 ordu. Beraz, lan ordainduan berdintasunik ez egoteaz gain ikusten ez diren eta ordaintzen ez diren lanen ardura dugu.

Gure sistema kapitalistan lan hauei baliorik ematen ez bazaie ere bizitza sostengatzen duten lanak dira, hau da, oinarrizko beharrak asetzeaz arduratzen direnak: janaria, pertsonen zaintza, arropa, ingurukoen behar emozionalak… Hauen zaintza bermatu gabe, lan erreproduktibo hau gabe, ezingo zen gure jendartean horren baloratuta dagoen lan produktiboa egin.

Emakumeok sistemaren bizkarrezurra gara eta nazkatuta gaude gainean daramagun pisuaz. Horregatik planto egingo dugu! Gu gelditzen bagara mundua geldituko da! Emakume guztiok animatzen zaituztegu lan hauek egun batez uztera! Gora borroka feminista!»

Elkarretaratzea «Gora borroka feminista» oihuekin eta txalo artean amaitu dute bertaratutakoek.