Aritz Aranbarrik Leganesen jokatuko du datozen bi denboraldietan

Andoni Elduaien 2023ko eka. 22a, 17:53
Leganesek Aritz Aranbarriren fitxaketaren berri eman duen irudia. (Leganes)

Futbol jokalari azkoitiarrak Espainiako Bigarren Mailan jokatuko du Madrilgo Leganes taldearekin. Bi urterako kontratua sinatu du Aranbarrik, eta uztailaren 3an hasiko du denboraldiaurrea. 

Aritz Aranbarri (Azkoitia, 1998) futbol jokalari azkoitiarrak Madrilgo Leganes taldean jokatuko du datozen bi denboraldietan. Madrildarrek duela minutu gutxi eman dute berria sare sozialen bidez. Realaren bigarren taldea utzi ondoren, Madrilen jokatzeko aukera onartu du Aranbarrik.

Espainiako Bigarren Mailako taldea da egun Leganes, baina Aranbarriri ez zaio arrotza egingo kategoria hori; izan ere, 2021-22 denboraldian Reala B taldearekin 24 partida jokatu zituen maila horretan. Azkoitiarra uztailaren 3an hasiko da Leganesekin entrenatzen Borja Jimenez entrenatzailearen aginduetara; denboraldiaurreari ekiteko, proba fisikoak eginez ekingo diote sasoi berriari jokalariek. Leganesek adierazi du aurrerago jakinaraziko dutela Aranbarriren aurkezpen ofiziala noiz egingo duten. 

Futbol jokalariari ez ezik, Azkoitiari ere egin dio keinua Leganes futbol taldeak; izan ere, Aranbarriren fitxaketaren berri eman aurretik haren fitxaketa gauzatu dutela esateko pista bat eman dute madrildarrek. Hori horrela, Azkoitiko argazki bat elkarbanatu dute sare sozialetan, Berdura Plazatik ateratako argazki bat erakutsiz.

 

Txio honekin eman du Aranbarriren fitxaketaren pista Leganesek Twitterren. (Leganes)

Ibilbide luzea Realean

Aranbarri Realaren harrobian hazitako jokalaria da; izan ere, duela 11 urte haurren mailan hasi zen Realarekin entrenatzen nahiz jokatzen, Azkoitiko Anaitasuna utzita. Harrobiko talde guztietan jokatu du atzelari azkoitiarrak, eta ondoren iritsi zen Reala B taldera; 2017ko abuztuan egin zuen debuta Espainiako Bigarren B Mailan txuri-urdinen gizonen bigarren taldearekin. 

2018-19 denboraldian igaro zen ofizialki Sanseko jokalari izatera. Dena den, lehen taldearekin ere sarritan aritu da entrenatzen harrezkero. Debuta egitera ere iritsi zen Aranbarri Realarekin. 2020ko azaroaren 1ean, Celtaren aurka jokatu zuen aurrenekoz lehen taldearekin, Vigoko (Galizia) Balaidos zelaian; 1-4 irabazi zuten txuri-urdinek egun hartan. 2021eko maiatzaren 22an, berriz, Reala B taldearekin Espainiako Bigarren Mailara igo zen. Algecirasi 2-1 irabazita. Iazko urriaren 6an, Europa League txapelketako lehen partida jokatu zuen azkoitiarrak; Xeriff taldearen aurka Realak Tiraspolen lortu zuen garaipenean (0-2) parte hartu zuen Aranbarrik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide