Aritz Aranbarrik debuta egin du Realarekin

Andoni Elduaien 2020ko aza. 2a, 08:52

Aritz Aranbarri Balaidos zelaian. (Argazkia: Real Sociedad)

Puska batean ahaztuko ez duen debuta egin zuen azkoitiarrak Realarekin. Talde txuri-urdinak bat eta lau irabazi zuen Celtaren aurka, Balaidosen.

Aritz Aranbarri (Azkoitia, 1998) futbol jokalari azkoitiarrak debuta egin zuen atzo, azaroak 1, Realarekin. Talde txuri-urdinak Vigoko (Galizia) Celta taldearen aurka jokatu zuen, eta bat eta lau irabazi. Futbol jokalari azkoitiarra Reala B taldeko jokalaria bada ere, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile oriotarrak behin baino gehiagotan sartu du hainbat partidetarako deialdian. Atzo, azkenean, estreinakoz aritu zen Donostiako futbol taldearekin.

Aranbarri hasieratik aritu ez bazen ere, ordu erdi inguruan jokatzeko aukera izan zuen. 65. minutuan zelairatu zuen Alguacilek Andoni Gorosabel eskuin hegaleko atzelariaren lekuan, eta bere ohiko lekua ez badu ere, eskuin hegaletik jardun behar izan zuen defentsako eta erasoko lanetan.

Realak Celtari egindako laugarren golean parte hartze zuzen-zuzena izan ez bazuen ere, Aranbarrik zelai erdian buruz berreskuratutako baloiaren ondotik lortu zuen talde txuri-urdinak laugarren gola egitea; beste bi pase eginda lortu zuen Realak Celtaren atea zulatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide