Aritz Aranbarrik Reala B taldearekin Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu du

Julene Frantzesena 2021ko mai. 23a, 10:07

Reala B taldeko kideak atzo mailaz igotzea lortu eta gero –ezkerretik bosgarrena da Aranbarri–. (Reala)

Atzo, zapatua, jokatu zuten Reala Bk igoera faseko azken partida Algecirasen aurka, eta 2 eta 1 garaituta, datorren denboraldian Espainiako Bigarren Mailan izango da taldea. Aranbarri hasierako hamaikakoan izan zen, eta gogotik ospatu zuen garaipena.

Reala B taldeak Espainiako Bigarren Mailara igotzea lortu zuen atzo, zapatua, eta balentria horren protagonistetako bat izan zen Aritz Aranbarri futbolari azkoitiarra. Reala Bk Meridan (Badajoz, Espainia) jokatu zuen atzo igoera faseko azken partida, eta neurketaren luzapenean lortu zuten margailuan 2 eta 1 aurretik jartzea. Horrenbestez, datorren denboraldian Espainiako Bigarren Mailan ariko da Zubietako taldea.

Aranbarri partidaren hasierako hamaikakoan zelairatu zen atzokoan, eta partida ona gauzatu zuen. Garaipena ospatzeko, gainera, keinu berezi bat egin zuen azkoitiarrak: joan zen abuztuan moto istripuz hil zen Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalari azpeitiarraren kamiseta jantzi zuen.