Beittu!

Aritz Aranbarrik debuta egin du Europan Realarekin

Erabiltzailearen aurpegia Beittu! 2022ko urr. 7a, 09:02
Aritz Aranbarri, Xeriff Tiraspolen aurka. (Reala)

Hogei minutu baino gehiagoz gozatzeko aukera izan zuen Realeko jokalari azkoitiarrak Tiraspolen (Transnistria). 2020ko azaroan egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin, eta ia bi urte eskas beranduago egokitu zaio Europan lehen aldiz jokatzea.

Aritz Aranbarri (Azkoitia, 1998) Realeko futbol jokalari azkoitiarrak Europan egin zuen debuta atzo, osteguna. Talde txuri-urdinak Xeriff taldearen aurka Tiraspolen jokatu zuen Europa League txapelketako hirugarren jardunaldiko neurketa, eta huts eta bi irabazi zuen taldeak. Azkoitiarra Reala B taldeko jokalaria bada ere, Imanol Alguacil Realeko entrenatzaile oriotarrak behin baino gehiagotan deitu du lehen taldearekin entrenatzeko.

Hain zuzen, Realaren lehen taldearekin 2020ko azaroaren 1ean egin zuen debuta; Celtaren aurka Balaidos futbol zelaian jokatu zituen aurreneko minutuak elastiko txuri-urdinarekin. Atzokoa, ordea, Europako futbol txapelketa batean Realarekin jokatzen zuen lehen aldia zen azkoitiarrarentzat. Aranbarri hasieratik aritu ez bazen ere, hogei minutu baino gehiago jokatu zituen; izan ere, 69. minutuan zelairatu zuen Alguacilek Alex Sola eskuin hegaleko atzelariaren ordez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide