Aritz Aranbarrik ez du Realean jarraituko

Andoni Elduaien 2023ko eka. 16a, 14:49

Aranbarri, eskuinetik laugarrena. (Real Sociedad)

Realaren lehen taldean nahiz Europa League txapelketan debuta egin du Aritz Aranbarrik, eta Espainiako Bigarren Mailan ere aritu zen 2021-2022 denboraldian. Realak atzo jakinarazi zuen bere baja.

Aritz Aranbarri futbol jokalari azkoitiarrak ez du jarraituko Reala B taldean. Atzo, osteguna, denboraldi amaierako bazkaria egin zuen taldeak Reale Arena estadioan. Aurten, Espainiako Bigarren Mailara igotzeko play-offa jokatu du taldeak, baina Madrilgo Alcorcon taldeak kanpoan utzi du Realaren bigarren taldea.

Ekitaldi horren ostean jakinarazi zituen klub txuri-urdinak Reala B taldeko bajak. Guztira, zortzi dira taldean jarraituko ez duten jokalariak, eta horien artean da Aranbarri. 2010. urtean iritsi zen Zubietara azkoitiarra, eta hamahiru urte igaro ditu han. Klub txuri-urdinak nabarmendu du urte hauetan guztietan "kirolari eta pertsona gisa garatu" dela Aranbarri Realean.

Gainera, Realaren lehen taldearekin debuta egitera ere iritsi zen Aranbarri. 2020ko azaroaren 1ean Celtaren aurka jokatu zuen aurrenekoz lehen taldearekin, Vigoko (Galizia) Balaidos zelaian; 1-4 irabazi zuten txuri-urdinek egun hartan. 2021eko maiatzaren 22an, berriz, Reala B taldearekin Espainiako Bigarren Mailara igo zen. Algecirasi 2-1 irabazita. Iazko urriaren 6an, Europa League txapelketako lehen partida jokatu zuen azkoitiarrak; Xeriff taldearen aurka Realak Tiraspolen lortu zuen garaipenean (0-2) parte hartu zuen Aranbarrik.

Honako mezu hau jarri du Aranbarrik sare sozialetan: