Itziar Elias aktorea, gaur Etxetik Mundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 24a, 15:30

Itziar Elias aktoreak balkoitik jardungo du hizketan Begoñita bizilagunarekin gaur, 20:00etan, Maxixatzen.eus-en #EtxetikMundura saioan.

Itziar Elias aktorea, konfinamenduan dagoen emakume baten paperean sartu, eta leihotik balkoira jardungo du hizketan Begoñita bizilagunarekin. Gaur, asteartea, 20:00etan ikusi ahal izango da, Maxixatzen.eus-en #EtxetikMundura saioan.

Datozen egunetan, berriz, #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak gehiago izango dira; besteak beste, Tomas Lizarazu abeslariak musika saio txiki bat eskainiko du eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari batzuek bertsoak eskainiko dituzte. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Uztarriaren eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen.eus-en #EtxetikMundura egitasmoko aurreko saioak:

- Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue musikarien saioa

- Lurdes Sudupe literaturzalearen liburu batzuen gomendioa

- Lizar bikotearen musika saioa

- Goiuri Epelderen irakurketa saioa

- Iñigo Ansorregiren ipuin kontaketa

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide