#EtxetikMundura

Goiuri Epelde idazlea, Etxetik Mundura saioan

Maxixatzen.eus 2020ko mar. 20a, 20:00

Iñigo Antsorregi ipuin kontalariak hasi zuen atzo, martxoaren 19an, #EtxetikMundura saioen egitasmoa. Ipuin kontaketa eskaini zuen azkoitiarrak, konfinamenduan dela etxean grabatutako irudien bitartez. Gaur, ostirala, martxoaren 20arekin, Goiuri Epelde idazleak olerki irakurketa saioa eskainiko du. Dena den, ez da Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko hedabideetan gaur eskaini den saio bakarra Epelderena: Baleike.eus-en Roberto Gutiezerrena ikus daiteke, Karkara.eus-en Libana Taboadaren eta Iban Marinen kantu sorta, Uztarria.eus-en Felipe Murillo musikariarena eta Zarauzkohitza.eus-en Marije Zumetaren eta Josu TxapartegiTxapasen kantu sorta.

Bihar izango dute jarraipena emanaldiek; izan ere, herriko beste hainbat sortzaileren saioak prest ditu dagoeneko Maxixatzen.eus-ek, baita UKTko gainerako hedabideek ere. Dena den, tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide