Analisia

Aldaketa behe laino azpian

Anartz Izagirre 2024ko api. 23a, 11:00

Eusko Legebiltzarrerako bozen biharamunean eta horien emaitzak eskuetan, honako analisi hau egin du Anartz Izagirre kazetariak.

Amaitu da demokraziaren festa, eta beste behin, ez da ezer aldatuko. Ez nuke inori garaipenik urardotzerik nahi, baina aldaketa gosez ziren herritarrek beste apur bat itxaron beharko dute trinkotuta dagoen gehiengoa aldatzeko. EH Bildurentzat dira lerroburu nagusiak, eta ez da gutxiagorako. Itxuraz apurtezina zirudien EAJren hegemonia miazkatu du koalizio abertzaleak; Gipuzkoan aise gailendu zaio EAJri, eta hango ia udalerri guztietan irabazi du, baita PSE-EEren feudo tradizional hainbatetan ere; Araban eta Gasteizen lehen indarra izan da, eta Bizkaian, aldea murriztu du.

EAJk, ordea, lortu du behar zuena. Botoetan garaile izan da, eta berdin-berdin jarraitzeko gehiengo absolutu erosoa lortu du PSE-EE alderdiarekin. Alderdi Popularrak eman zezakeen eguneko sorpresa, bi alderdi horiek gehiengorik lortu ezean haien bozak beharko lituzketelako gobernuarekin jarraitzeko, eta kanpainan argi utzi zuten ez zirela dohainik izango. Kontua da nork ordainduko lituzkeen, eta zer preziotan, boto horiek. 

Kanpainan elegantzia etxean ahaztuta aritu da Eneko Andueza, eta lotsagorritu gabe esan du ez duela Pello Otxandianoren hautagaitza inondik inora babestuko. Bere hitzak entzutean inork gogoan izango zuen PSNko Maite Esporrinek 2019ko bozetan esandako "agur, Asiron, agur"; bere alderdia izan zen, duela gutxi, Asiron hiri buruzagiko udalera itzultzea ahalbidetu zuena. Zorigaiztoko hemeroteka, aizue. Andueza EH Bilduren aurka erasokor aritu da kanpainan, eta koalizioak Pedro Sanchezi laguntza kentzeko tentazioa izatea ulergarria litzateke. Halere, legebiltzarrean bi aulki gehiago izango dituzte sozialistek, eta EAJrekin sortuko duten gobernuan indar gehiago eska diezaiokete Imanol Pradalesi, lau gutxiago baitituzte haiek. 

Zer esan ezker konfederalaz. Siglen arteko ika-mikak garesti ordaindu dituzte bi markek. Ahal Duguk nahikoa arrazoi bildu ditu Garibaldira sartu eta denboraldi batez handik ez ateratzeko. Duela zortzi urte 11 aulki lortu zituen legebiltzarrean, eta orain, handik kanpo gelditu da. Miren Gorrotxategi ezaguna zen jendartean, eta kanpainan ere fin aritu da, baina alderdiaren higadura orokortuari ezin izan dio bueltarik eman. Tankerako egoera du Sumarrek; hautagaitza lortu du Arabatik, baina Alba Garcia bozeramailea legebiltzarretik kanpo da. 

Atzerriko botoek ez dirudi Gipuzkoan eraginik izango dutenik. Beraz, galdera nagusia da ea EAJk pare-parean duen elefantetzarrari begiratu gabe jarraituko al duen: Otxandianok proposaturiko herri akordioari helduko ote dion, edo sozialistei sailburu gehiago eskaini, ezer aldatu beharrik ez dagoela itsu-itsuan sinetsita. 75 jarlekutatik 54 abertzaleak izango dira, baina zertarako? Itzul nadin hemendik lau urtera artikulu hau irakurtzera, gustura onartuko bainuke hanka sartu dudala: aliantzak eta gehiengoak aldatuko direla, autokritika nagusitu. Momentuz, ordea, gauzak horrelaxe daude.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide