Jarraipen txikia izan du eskualdean eskola erlijiosoetako lanuzteak

Iraia Oteiza 2024ko urt. 24a, 10:16
Kristau Eskolako eta IZEAko langileen protesta, atzo, Gasteizen. (ELA sindikatua)

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileak daude grebara deituta, lan hitzarmena berritzeko eskatzeko. Eskualdeko ikastetxe gehienek ez dute grebarik egin.

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek aurrera jarraitzen dute aste honetarako itunpeko ikastetxeetan deitu dituzten lanuzteekin. Gaur, laugarren greba eguna izango dute Kristau Eskolako eta IZEAko (Bizkaiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Pribatuen elkartea) ikastetxeetako langileek urtarrilerako deitutakoen artean, aurreko bi asteetan hitzarmena berritzeko patronalekin egindako bilerek porrot egin ostean.

Itunpeko ikastetxeetako langileek 2021eko abenduaz geroztik iraungita daukate lan hitzarmena, eta hura berritzearen alde ari dira egunotan borrokan.

Helburu hori lortzeko, iazko urrian eta abenduan bederatzi egunez egin zuten greba. Orduan hitzarmen berririk lortu ez zutela ikusita, sindikatuek greba egun gehiago iragarri zituzten aste hauetarako. Guztira bost lanuzte daude deituta urtarrilerako. Lehenengo biak urtarrilaren 17an eta 18an egin zituzten, eta aste honetan, atzoko eta gaurko lanuzteez gain, biharko ere zabaldu dute grebarako deialdia.

Halaber, betiere sindikatuek eta patronalek adostasunik lortu ezean, ez dira azken greba egunak izango, otsailerako beste bost greba egun deitu baitituzte: hilaren 6rako, 7rako, 8rako, 19rako eta 20rako.

Eskualdean, normaltasuna

ELA sindikatuak aste honetan orain arte izan diren lanuzteen datua ezagutarazi du. Haren arabera, %65etik gorakoa ari da izaten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileen lanuztearen zenbatekoa, hau da, aurreko greba egunetakoen parekoa.

Aldiz, deialdiek jarraipen apalagoa izan dutela adierazi du Kristau Eskolak, lanuzteak bere barruan dauden ikastetxeen %15 inguruk egin dituztela esan baitu.

Jarraipen txikia izan dute lanuzte horiek eskualdeko itunpeko ikastetxeetan ere. Kristau Eskolaren barruan dauden eskualdeko bost ikastetxeetatik bitan baino ez dituzte egin lanuzteak. Azkoitiko Floreaga salestar ikastetxeko eta Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko langileek ez dute greba deialdiarekin bat egin. "Orain arte normaltasunez aritu gara lanean, langile guztiak bertaratu baitira ikastetxera. Hala ere, ikusi egin beharko da datozen egunetako deialdiekin zer gertatzen den", adierazi du Koldo Gurrutxaga Floreaga ikastetxeko zuzendariak.

Zumaiako Zumaiena ikastetxean jakinarazi dutenez, beraien kasuan ez dute grebarik deitu, oraindik Kristau Eskolaren parte diren arren, datozen asteetan utziko diotelako eskola erlijiosoa izateari.

Zarauzko Antoniano eta La Salle ikastetxeetan, aldiz, langileetako batzuek greba deialdiekin bat egin dute, nahiz eta jarraipena "oso txikia" izan den. "Aurreko astean grebak eragin handiagoa izan bazuen ere, aste honetan oso jarraipen txikia ari da izaten. Ikasleei ohiko zerbitzuak eskaintzen ari gara ikastetxean", nabarmendu du Xabi Garate La Salle ikastetxeko zuzendariak.

Sindikatuen eskakizunak

Itunpeko ikastetxeetako langileek bi urtetik gora daramatzate lan hitzarmenik gabe, 2021eko abenduan iraungi baitzitzaien aurrekoa. "Hitzarmen berri eta duina" eskatzen dute orain.

Sindikatuen eskaera nagusien artean daude, besteak beste, lanpostuak mantentzeko eta lan karga arintzeko neurriak hartzea, soldatak KPI kontsumo prezioen indizeari lotuta igotzea, Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea, eta sektore feminizatu eta prekarizatuetan aurrerapausoak ematea. Horiez gain, euskara planak, berdintasun planak eta arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere helburuen artean dituzte.
Sindikatuek salatu dutenez, patronalek bileretara deitu dituzten arren, akordioa lortzeko gakoak diren gaietan patronalek ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu. "Soldaten inguruko planteamendua izan da patronalek zehaztasunez aurkeztu duten puntu bakarra, eta bera onartezina da, 2021etik 2024ra bitarteko KPI bateratua ere ez baitu bermatzen. Horrek langileen soldatak mahai negoziatzailetik at uztea ekarriko luke", baieztatu dute sindikatuek. Gainerako eskakizunei lotuta, berriz, patronalek neurririk proposatu ez dutela gaitzetsi dute sindikatuek.

Gatazkari irtenbidea lehenbailehen eman nahi diotela diote sindikatuek, baina horretarako giltza patronalek dutela gogorarazi dute. Hori horrela, "gatazka luzatzeko estrategiak nahiz greba eskubidea urratzeko jarrerak alboratzeko» eskatu diete patronalei zein Eusko Jaurlaritzari, eta «hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak lantzeko eta lehenbailehen mahai gainean jartzeko" eskakizuna egin diete biei.

Kristau Eskolak, bere aldetik, egin dituzten bilera guztietan "aurrerapenak" jaso dituela jakinarazi du, eta hala ere sindikatuek greban jarraitzea erabaki dutela dio. "Sindikatuei negoziazioen alde egiteko eskatzen diegu, eta ez mobilizazioen alde, horrek eragin negatiboa duelako ikasleengan", adierazi du patronalak.

Aspaldiko borroka

Egunotarako deitu dituztenak ez dira lan hitzarmen berria lortzeko lehen lanuzteak. 2022ko maiatzean ekin zioten sindikatuek itunpeko ikastetxeetako hitzarmen kolektibo bat negoziatzeari, eta 2023ko otsailean egin zuten hitzarmena negoziatzeko azken bilera. Negoziazio hori "gelditu" egin zela salatzeko, lehen lanuztea antolatu zuten sindikatuek apirilerako. Iazko urrian oraindik patronalaren "inolako erantzunik jaso gabe" zeudenez, beste hiru greba egun deitu zituzten orduan, "beste erremediorik ez" zutela argudiatuta. Egoera aldatu ez zela eta, lanuzte gehiago eta mobilizazioak egin zituzten joan den abenduan, bost egunez.

Datozen egunetarako ere manifestazioak antolatu dituzte. Atzo, milaka langile elkartu ziren Gasteizen egoera salatzeko eta hitzarmen berria eskatzeko. Gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan aterako dira kalera gauza bera aldarrikatzera, 11:30ean. Bihar, Bilbon egingo dute manifestazioa, 11:30ean Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren ataritik abiatuta. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide