Maite zaitut, ama

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2022ko api. 19a, 10:58

Yolanda Larrañagak martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Maite zaitut, ama'

Miren Amurizari eta Maddalen Arzallusi Kursaalean entzun nienean Asko maite zaitut ama abestia, semtimenduen olatuak gainditu zuen errealitatea nire inguruko guztiongan. Abesti zoragarria, hainbeste eman eta hain gutxi eskatu diguten ama horiei guztiei eskainia; hamar umetik gora izan eta sekula kexarik izan ez zuen, umetan lo hartu ezinik ginenean albora etorri eta lasaitzen gintuen, guretzat beti irribarrea ezpainetan duen, orduak eta orduak lanean pasatu eta etxeratzean goxotasuna duen, triste egonda ere gurekin jolastu nahi duen, begietara begiratu eta zer dugun galdetzen digun eta merezi gabe ehunka purrustada jasotzen dituen ama horri eskainia.

Ez dakit zilbor hesteak lotutako kate hori inoiz mozten ote den, ezta amatasuna, batzuetan nahita eta beste batzuetan ia nahi gabean datorkiguna, guztiok merezi dugun ere. Ez da, noski, ama baten rolean dena polita eta argia; ez da unibertsitatean ikasi daitekeen zerbait, bizitzan zehar ikasten dena baizik. Asko irakasten du ama batek, baina hark ere asko du ikasteko. Hala ere, ama guztiek merezi dute abesti bat, liburu bat edo hizki garbiz "maite zaitut" idatziriko papertxo bat. Guztiok dugu gure barnean maite dugun amatxo bat, Mirenek eta Maddalenek bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide