Errematea

Gogoan zaitut

Erabiltzailearen aurpegia Yolanda Larrañaga Arrieta 2022ko urt. 11a, 09:06
Reimundez zena, eskuinean.

Yolanda Larrañagak abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Gogoan zaitut'.

Reimundez jauna, politikoki pentsamendu desberdina genuen, eta hizkuntza maitasunari zegokionez ere, talka asko izaten genituen gure egunerokotasunean. Ezin genituen elkarren lehentasunak ulertu askotan, baina elkar errespetatzen genuen, eta horrek gure desberdintasunen gainetik elkartu gintuen.

Elkarrekin izan ginen zinegotzi, eta politikoki zure ideiekin bat egin ez arren, askotan esan nizun: "De mayor quiero saber tanto como tu". Jakituna zinen, langilea, orsay harrapatzea zaila den horietakoa. Zeurea inork ez bezala maitatzen eta zaintzen zenuen. Guztia ematen zenuen zeure ideien alde, oso gutxitan (nik ez bezala) altxatu zenuen ahotsa gure artean.

Azken aldiz Zumarragan ikusi genuen elkar. Ilusioa zenuen hanketan, eta bizitzeko gogoa begietan. Zoritxarreko gaitz horrek eraman zaitu hemendik. Ez zaitugu gehiago ikusiko edota ez ditugu zure aholkuak jasoko, ez zara gehiago gure artean izango, baina nik, behintzat, ez zaitut ahaztuko. Udaletxean eserita gogoratuko zaitut; azkena ikusi ginenean zure begietan ikusi nuen bizitzeko gogoarekin gelditzen naiz. Gogorra zinen, baina gaixotasunak irabazi dizu lasterketa hau.

Azken aldiz esan nizkizun hitzak errepikatuko dizkizut: zaindu zaitez, Miguel.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide