Uharteko emakumearen erailketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du Sostenipek

Sostenipek deituta, azken indarkeria matxista eta emakumeen aurkako erasoak salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, hilak 30, herriko plazan 19:00etan. Uharteko 38 urteko emakume bat hil zen joan den astelehenean Iruñeko ospitalean indarkeria matxistaren ondorioz. Gasteizen, berriz, beste gizon batek eraso egin dio bikotekideari. 

 

Egunak behar izan dira gertatua azalera ateratzeko. Larunbatean, gizon batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen Uharteko bere etxetik, abisatzeko emaztea dutxan erori zela eta konortea galdu zuela.

Larrialdi zerbitzuak ez ezik, poliziak ere bertaratu ziren Uhartera, eta ikusi zuten emakumeak kolpeka egin ohi diren zauriak zituela; haren senarrak ere, dei egin zuen gizonak, zauri batzuk zituela sumatu zuten.

Erizainek eta medikuek Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten emakumea, 38 urtekoa. Larri egon da bi egunez, eta astelehen arratsaldean hil zen.

Bitartean, indarkeria matxistaren kasu bat izan zitekeela susmatuta, Foruzaingoa ikertzen hasi zen. Foruzaingoak berak jakinarazi du ikerketaren arabera gizonak maiz ematen zizkiola tratu txarrak emazteari. Foruzaingoaren ikerketa oinarritzat hartuta, bermerik gabeko behin-behineko kartzelaldia ezarri dio Agoizko 2 zenbakiko instrukzio epaitegiak senarrari, giza hilketa delitu bat leporatuta.

Emakume bati eraso egin diote Gasteizen

Poliziek beste gizon bat atxilotu dute, 42 urtekoa, indarkeria matxista egotzita. Gasteizen izan da. Bizi ziren etxean bertan, gizonak eraso egin dio bikotekide zuen emakumeari, eta gero bere burua bota du balkoitik, lehen solairutik.

Poliziak bertaratu direnean, 42 urteko gizona kalean aurkitu dute, lurrean, hanketan zauriak egin dituelako bere burua balkoitik bota duenean.

Ertzainak etxera igo dira, eta odoletan aurkitu dute emakumea; buruan eta bularrean zituen zauriak, eta jakinarazi du gizonak labanaz eta botila batekin eraso diola. Larrialdi zerbitzuek Txagorritxuko ospitalera eraman dute, artatzeko. Ertzaintzak azaldu du emakumeak berak salaketa jarri duela gero.

Iturria: Berria.eus

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide