Fidantzapean aske

Erabiltzailearen aurpegia Angel Rocha 2018ko urt. 17a, 09:04

4.000 mila euroko fidantza ordaindu eta gero aske daude, libre dira nahi duten hori egiteko. Herrian ekintza kultural bat antolatu nahi zuten, euskal musika talde baten kontzertua ordaindu eta ekarri dute herriko plazara. Azkoitiko eta inguruko herrietako gazte eta ez hain gazteen eskura jarri dute ekimen kultural aipagarri eta nabarmen bat. Euskaratik eta euskaraz sortutako talde baten sormen lanaren eta herriaren artean zubi lana egin dute. Asko kostata bada ere, azkenean, fidantza ordainduta lortu dute Azkoitiko tabernariek Su Ta Garren kontzertua antolatu ahal izatea.

Azaroaren 18ko gauerdian izan zen kontzertua enparantzan; festa, ordea, aurretik hasi zen. Arratsaldeko zazpietatik jendez mukuru zeuden herriko tabernak, gaztaina saltzaileak herriko eliz atarian duen saltoki dotore berriaren aurrean jende ilara luzea ikus zitekeen, herriko arropa dendetako erakusleihoei begira jendea Gabonetarako Olentzerori zer eskatu nahiko liokeen ari zen partekatzen lagunartean, herriko jatetxeetan ez zegoen lekurik afaltzeko, goizaldera arte herriko tabernetan jendetza ibili zen dantzan eta parrandan (herriko hainbat gazte lanean aritu ziren gau guztian soldata baten truke), goizaldean egunkari saltzaileek ere ale batzuk gehiago saldu zituzten paperezko euskarriak bizi dituen garai zail hauetan, eta okindegietan ere jendearen joan-etorria ohiko igande goiz batekoa baino handiagoa izan zen.

Hala eta guztiz ere, azkoitiar askok ziur nago beste interpretazio batzuk egin dituztela, beste egia bat eraiki dutela, eta hori ere zilegi da. Kale Nagusian edo inguruetan bizi diren herritarrentzat bizikidetzaren arazoa agerian egongo da; alegia, nola uztartu udazken gau eder batez disfrutatzen eta gozatzen ari diren gazteen eta aste gogor baten ostean deskantsu eta bake bila dabiltzanen asmo, nahi edo gogoak. Zikinkeria ere ohikoa baino handiagoa izango zen igande goizean, eta horrek ere emango zuen zer esanik. Goizean goizeko mezetara zihoazenek edota mendirako eliz atarian gelditu zirenek pairatuko zituzten usain eskasaren ondorioak kale garbitzaileen begiradapean.

Gertaera bat, eta interpretazio ugari, eta horiek guztiak multzotan batuz gero bi egia, elkarren aurrean mokoka, bakoitzak bereari eutsiz, arrazoia nork edukiko duen borrokan. Aldekoak eta kontrakoak. Beti bezala, askotan zeren alde edo kontra ari garen ere ahaztuta, baina tribu horren identitatearekin bukaeraraino iristeko prest.

Irtenbidea ez da erraza, baina ez zait iruditzen hain zaila denik ere. Lehenik eta behin, bakoitzaren ardurak eta konpromisoak zein diren zehaztu beharko da, eta gero horiek bete, eta ez badira betetzen, aitortu.

Hori guztia eraiki nahi badugu, fidantzek eta inposizioaren norabidean sortzen diren neurriek ez dute batere laguntzen. Hasteko, udalaren ardura edo zeregina da kontzertu bat herriko plazara ekartzea, kultur ekimenak sortzea (euskarazkoak badira, hobe), ekonomia sustatzea… Azken batean, herriaren eta herritarren alde egitea da hori, eta, beraz, berak egin ez eta hirugarren bati, tabernarien elkarteari, ez lagatzea larria da. Ez egin, ez laga egiten eta oztopatu gainera.

Tabernariek ere badituzte beste ardura batzuk, eta horiek bete beharko dituzte: esaterako, zarata eta musikaren bolumena zaintzea, ordutegia errespetatzea eta adin txikikoei alkoholik ez ateratzea.

Eta gurasoen ardura da gure seme-alaba adingabeak goizaldeko lauretan kalean egotea eta balio positiboetan oinarrituko gazteak heztea.

Ezin gara hasi pilotan, aitzakia bila, bakoitzarenak direnak besteari pasatzen. Gauza bat garbi daukat: ez dut gure “gazte” garaiko Azkoiti hartara itzuli nahi; ez dut nahi gure seme-alabak kotxean astebururo-astebururo atzera eta aurrea ibiltzea, ez dut nahi…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide