Peña Elorzako txirrindulariak, Arrasateko lasterketan

Arrasaten jokatutako proba. (Argazkia: Julen Axpe Alonso)

Joan den igandean Arrasaten (Gipuzkoa) jokatu ziren txirrindularitza lasterketetan emaitza oso onak lortu zituzten Peña Elorza taldeko txirrindulariek. Infantil mailako Amets Barandiaranek proba irabazi zuen.

Igande goizean, benjamin, alebin eta infantil mailako txirrindularien lasterketak izan ziren Arrasaten (Gipuzkoa). Hotza eta euria protagonista izan ziren, baina baldintza gogorrek ez zituzten Peña Elorzako txirrindulariak atzera bota. Benjamin mailako txirrindulariek bi itzuli egin zituzten zirkuituan; Peña Elorzako taldekide bakarrak parte hartu zuen maila horretan, eta hark lasterketa osatu zuen.

Alebin mailako ziklistek, berriz, lau bira egin behar zituzten, eta guztiek maila ona erakutsi zuten; nabarmentzekoa izan zen Julen Osak lortu zuen hirugarren postua. Infantil mailako lasterketan zirkuituari sei itzuli eman behar izan zizkioten txirrindulariek, eta goiza borobil amaitu zuen Peña Elorza taldeak; izan ere, Amets Barandiaranek garaipena eskuratu zuen.