Peña Elorzaren talde bat hirugarren, Gipuzkoako taldekako erlojupeko txapelketan

Joan den larunbatean, Zumaian jokatu zen alebin eta infantil mailako taldekako erlojupeko txapelketa. Azkoitiko Peña Elorza taldeak emaitza bikaina lortu zuen.

Joan den larunbatean, maiatzaren 13an, Gipuzkoako taldekako erlojupeko txapelketa jokatu zen, Zumaian. Alebin eta infantil mailako txirrindulariek parte hartu zuten lehian, hiru, lau edo bost txirrindulariz osatutako taldeetan.

Infantil mailakoak izan ziren errepidera ateratzen lehenak; bi kilometro inguruko zirkuituari bost bira eman behar izan zizkioten. Peña Elorzako lehen taldea aurrenetarikoa izan zen irteeran; saio polita egin zuten haiek. Bigarren taldea, berriz, azkenetakoa izan zen irteeran, eta horiek saio polita egiteaz gain, oso emaitza ona lortu zuten. Amets Barandiaran, Einar Bereziartua, Josu Errazkin eta Eritz Ugarteburuk osatutako taldeak hirugarren postua lortu zuen sailkapenean.

Alebin mailako txirrindulariek, bestalde, hiru itzuli egin behar zituzten. Peña Elorzak hiru txirrindularik osatutako talde bakarra aurkeztu zuen irteeran. Sailkapenaren erdian sailkatu ziren horiek.