Saadia Fatatah: "Desberdintasunek egiten gaituzte berdin, eta elkar errespetatu behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko uzt. 21a, 10:00

Saadia Fatatah marokoarra da jatorriz, eta jada bederatzi urte daramatza Azkoitian.

 

Zure herrialdea utzi eta zuzenean Azkoitira etorri al zinen?

Ez. Nire jatorrizko hiria, Beni Melal, 2007. urtean utzi nuen. Lehendabizi Lleidara joan nintzen jostun fabrika batera lanera, nire osabak han lan egiten baitzuen, eta hark eginiko kontratu baten bidez lortu nuen legalki bidaiatzea. Han zortzi hilabete pasatu, eta segidan Burgosera joan nintzen emakume heldu bat zaintzera. Sei urte igaro ondoren etorri nintzen Azkoitira; bi ahizpa hemen bizi ziren lehendik, eta, nire 8 urteko semea ere Azkoitira etorri zenez, Burgos utzi eta etorri egin nintzen.

Zer arrazoik bultzatu zintuen Maroko uztera?

Arrazoiak bat baino gehiago ziren, ez lan arlokoak soilik. Hona etortzeko aukera eduki nuenean lanean nenbilen nekazaritza arloan, goizean baratzean eta arratsaldean almazenean, eta ondoren bertako produktuak esportatzen genituen Espainiara eta beste estatu batzuetara. Hala eta guztiz, Europan bizimodua hobea eta duinagoa zela eta, hura uztea erabaki nuen.

Desberdintasun eta antzekotasun nabarienak?

Desberdintasunak asko badira ere, ni berdintasunekin geratzen naiz. Izan ere, nik Marokoko hiri nagusiekin konparatzen dut Euskal Herria, Casablancarekin adibidez; han, Euskal herrian bezala, jendea askoz ere toleranteagoa da herri txikietan baino, herrietan oraindik oso tradizionalak eta itxiak baitira.
Horregatik, hona iritsi nintzenean, denetariko jendea zegoela ikusi nuen, eta hori gustatu zitzaidan. Azken batean, desberdintasunek egiten gaituzte berdin, eta elkar errespetatu behar dugu. Bakoitzak nahi duen erlijioa eta pentsaera izateko eskubidea du.

Zer-nolako jendearekin topo egin duzu Azkoitian?

Egia esan, munduko txoko guztietan bezala, hemen ere pertsona oso onak eta ez hain onak aurkitu ditut. Orokorkeriak alde batera utzi behar direlakoan nago. Euskaldun guztiak ez dira horrelakoak, eta marokoar guztiak ez gara halakoak.

Asko hitz egiten da marokoar emakumeen egoeraz; topikoak dira?

Marokoko herrietan bizi izan garen emakumeok lan konplexua dugu emakume aske izateko. Kontrol sozial handia dago, eta emakumea oraindik asko kontrolatzen da: zeinekin doan, zer ordutegitan mugitzen den… Eta zer esanik ez bananduak garen emakumeekin; oraindik gaizki ikusiak gaude, eta horrek iseka eta sufrimendu asko ekartzen du. Horregatik diot hemen askeagoak garela.

Hezkuntzari dagokionez, berriz, gauzak asko ari dira aldatzen: hiriburuetan, emakume eta gizonek batera edo eskola berean ikasteko aukera dute jada. Herrietara oraindik iritsi ez bada ere, aurrerapauso handiak egiten ari gara.

Marokora itzultzeko asmorik ba al duzu?

Hamalau urte pasatu dira hura utzi nuenetik. Bizi berri bat eraiki dut hemen; gizona hemengoa dut, eta semeak ere hemen du egina bizimodua. Oso zaila egingo litzaidake hara itzultzea. Zoriontsu bizi naiz hemen; falta zaidan bakarra nire ama da, Marokon baitago. 64 urte ditu, eta hona ekartzeko ahaleginetan gabiltza. Ea laster gure artean izateko aukera dugun.

Integrazioari dagokionez, zailtasunak izan dituzu?

Ez dut zailtasun handirik izan; lan arloan ez dut sekula arazorik izan, eta horrek asko laguntzen du. Semea ere berehala integratu zen. 8 urte zituen etorri zenean, eta orain 20 ditu; hemengo bat gehiago da.

Euskaraz ikasten ari zara. Nola doa?

Asko kostatzen ari zait. Euskarazko klasetara joaten naiz, baina hitz solteak soilik kontrolatzen ditut. Gaztelera askoz errazago ikasi nuen; izan ere, Burgosen zaintzen nuen emakumeak gazteleraz egiten zidan, eta ez nuen beste erremediorik eduki. Euskara zailagoa da, eta inork ez dit euskara hutsean hitz egiten, baina poliki-poliki ari naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide