Wazeem Ali: "Pozgarria da kultura desberdinetako jendea gune berean ikustea"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko mai. 27a, 09:00
Wazeem Ali, Azkoitian bizi den pakistandarra.

Duela lau urte etorri zen Azkoitira, Pakistango ezegonkortasun ekonomiko eta sozialak bultzatuta, eta ile apaindegia ireki zuen herrian, betidanik aritu izan delako ofizio horretan. 

 

Jatorriz nongoa zara?
Pakistangoa naiz, Punjab probintziakoa. 35 distrituk osatzen dute Punjab, eta ni Gujratekoa naiz.


Zenbat denbora daramazu Azkoitian?
Azkoitian jada lau urte daramatzat. Baina hona iritsi aurretik hilabete pasatu nuen Italian, eta segidan Azkoitira etorri nintzen. Hemen ezagunak nituen; haiek ondo hitz egiten zidaten Azkoitiaz, eta buelta handirik eman gabe bertaratu nintzen. Bakarrik bidaiatu nuenez, ezagunak bertan egokituta egoteak asko lagundu zidan, horrek nolabaiteko babesa ematen baitu.


Pakistan atzean uzteko arrazoi nagusirik?
Ez daukat arrazoi nagusi edo garbi bat; faktore askoren pilaketa izan zen. Izan ere, Pakistango ezegonkortasun ekonomiko eta sozialak asko baldintzatzen du bizimodua. Eta hori gutxi balitz bezala, hango geografiagatik, lurrikarak, uholdeak eta zikloiak gertatzeko arrisku handia dago, eta horrek kalte neurgaitzak dakartza. Ezegonkortasun horiek guztiak eguneroko bizimoduko oztopo bilakatzen direnean erabakiak hartu behar dira, eta aurrera egin.


Euskarari dagokionez, badaukazu ikasteko gogorik?
Ba, egia esan, garrantzi handia ematen diet hizkuntza gutxituei. Izan ere, Pakistanen ere antzeko zerbait gertatzen zaigu punjaberarekin eta urduarekin: biak ofizialak izan arren, punjabera hitz egiten da gehienbat, eta ondoren datoz urdua eta beste zenbait hizkuntza. Baina urdua gutxi batzuek baino ez daukate lehen hizkuntzatzat. Nik Pakistanen bi hizkuntzak erabiltzen ditut, punjabera eta urdua, eta etorkizunean hemen ere biak menderatzea gustatuko litzaidake, bai gaztelania, bai euskara.


Momentuz, baina, gaztelania bakarrik ari naiz ikasten. Egunero bi orduko klaseak jasotzen ditut, eta egunero zertxobait gehiago ikasten dut. Euskara, ordea, etorkizunerako utzia daukat; hitz solte batzuk erabiltzen ditut, agurrak, galdera sinpleak eta halakoak. Oraindik asko geratzen zait euskaraz mintzatzen hasteko.


Ile apaindegian lan egiten duzu: betidanik jardun duzu ile apaintzaile?
Bai, Azkoitian ez ezik, neure herrian ere ile apaintzailea nintzen. Betidanik jardun izan dut ilea eta bizarra mozten. Gainera, ile apaindegiak giza interakziorako gune gisa erabili izan ditugu betidanik; aktualitateari edo bestelako gaiei buruz lasai hitz egiteko guneak dira, eta gustura sentitzen naiz lan honetan.


Azkoitiarrok nola hartu zaituztegu hemen?
Oso harrera ona jaso dugu. Hasiera-hasieratik kultura eta etnia desberdinetako jendea etorri izan zaigu, eta, noski, azkoitiar mordo bat ere bai. Hainbat komunitate batzen dira hemen, eta ez da hori bezalako gauza aberasgarririk. Batzuk Azpeititik, Zestoatik eta Aizarnazabaletik etortzen dira, eta hori guretzat pozgarria da. Eta, aurrez esan bezala, azkoitiarrak ere etortzen dira. Kultura desberdinetako jendea gune berean ikuste pozgarria da.


Zein duzu Azkoitiko tokirik kuttunena?
Zerbait aipatzekotan, Azkoitiko parrokia aipatuko nuke: eraikin ikusgarria da. Eta, nola ez, Izarraitz mendia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide