"Orain Azkoitian bizi naiz, azkoitiarra naiz, eta azkoitiar naizen aldetik euskaraz jakin behar dudala uste dut"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko mar. 7a, 13:10
Argazkian, Zylfije Laçi.

Duela bi urte eta erdi etorri zen Azkoitira, bere familiarekin, Zylfije Laçi albaniarra. Tirana hiritik bost ordura dagoen Puca izeneko herri txiki batekoa da izatez. Euskal Herrian hasiera gogorra egin arren, ez dute hona etorri izanaren damurik. Harro sentitzen direla azpimarratu du: "hemen eskuak zabalik hartu gaituzte, eta horrek indar handia ematen digu". Euskara ere poliki-poliki ikasten ari direla azaldu dio Maxixatzeni. Hemen, elkarrizketa.

 

Zergatik etorri zinen Azkoitira?
Arrazoiak bat baino gehiago izan ziren, baina Albania uzteko arrazoi nagusia nire ikusmen urritasuna izan zen. Izan ere, duela hamabi urte, 36 urte nituela, itsu geratu nintzen; arazoa pixkanaka hasi zen, baina poliki-poliki larriagotzen hasi zen, ikusmena ia guztiz galdu arte.

Nola bizi izan zenuen egoera berri hori Albanian?
Errealitatea asko zaildu zidan arazoak. Nire herrian ez zegoen ikusmen urritasuna dugunontzako zerbitzurik; Tirana hirian bakarrik zegoen, eta hori gure herritik bost ordura dago. Gainera, oso garestiak dira zerbitzu horiek.
Albanian bizi izan nintzen azken bi urteak ez ziren errazak izan, hura ez baitago hau bezala prestatua: azpiegituretan sekulako gabezia dago, eta kalean oztopoak soilik aurki ditzakezu. Horregatik, bakarrik ibiltzea ezinezko nuen. Nire senarra lanean eta seme-alabak eskolan egonda, haiek etxera itzuli arte ez nuen aukerarik kalera ateratzeko. Oso gogorra egin zitzaidan neure errealitate berrira egokitzea.

Zer-nolako bizimodua dago gaur egun Albanian?
Nahiz eta ni ekonomialaria eta nire senarra biologia eta kimika zientzietako batxilergorko irakaslea izan, gure soldatak ez ziren 400 eurora iristen; ezinezkoa zitzaigun hilaren amaierara iristea. Genituen soldatekin, etxebizitza bakarrik ordaindu genezakeen.
Horrez gain, zerbitzu publikoak oso prekarioak dira; ez daude guztiontzat prestatuak. Zerbitzu onak nahi izanez gero, arlo pribatura jo besterik ez zaizu gelditzen, eta hori ezinezkoa da guztiontzat. Hemen, aldiz, zerbitzu publikoa oso aberatsa da, osasunean eta hezkuntzan batik bat, eta hori ez da aurkitzen munduko edozein herrialdetan.

Zer erraztasun aurkitu dituzu Euskal Herrira iristean?
Hemen badaude baliabideak ikusmen urritasuna dugunon-tzat. Harrigarria badirudi ere, gaur egun hiru irakasle ditut: batek braillea irakasten dit; beste batek ordenagailuz idazten irakasten dit; eta besteak, berriz, eguneroko bizimodua aurrera eramateko behar ditudan jakintzak irakasten dizkit. Horrek guztiak bizimodua errazten dit. Ikusmen murriztua izanagatik, gainontzeko pertsonen bizimodu berdina izatea lortu dut, eta hori sekulakoa da niretzat.
Hasiera gogorra izan zen, baina ez dugu hona etorri izanaren damurik. Harro sentitzen gara: hemen eskuak zabalik hartu gaituzte, eta horrek indar handia ematen digu.

Zerk bultzatu zaitu euskara ikastera?
Euskara ikastea ezinbestekoa da. Orain Azkoitian bizi naiz, azkoitiarra naiz, eta azkoitiar naizen aldetik euskaraz jakin behar dudala uste dut. Gainera, ditugun lagun guztiak euskaldunak dira, eta horrek ere bultzatzen gaitu egunero hitz berri edo esaldi berri bat ikastera. Poliki-poliki ari gara senarra eta biok euskara ahal dugun heinean ikasten.

Azkoitiko tokirik kuttunena?
Loiolara bideko pasealekua bereziki gustatzen zaigu senarrari eta bioi, mota guztietako jendea aurki baitaiteke: korrikalariak, helduak, familiak…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide