Maite Lopezek apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Burumakurrak'.

Zoragarria da giza espezieak eboluzionatzeko duen etengabeko gaitasuna behatzea. Tximino izatetik atzera tximinotzeko bidean gaudela esango nuke. Eta ez dago urrutira joan beharrik horretaz jabetzeko, aski baita autobus geltokian edo edozein itxarongelatan dauden gizabanakoei begiratu arin bat egitea burua makurtzen hasi zaigula ohartzeko. Nonahi ageri dira burumakurrak, giza espezie berria osatzen duten kide antzeman errazak. Normalean, esku artean pantaila bat izaten dute, tamaina askotarikoa izan daitekeena, eta, sarritan, belarri-zuloak kanpoko isiltasunetik babestuko dituen aurikularrez estali ohi dituzte. Tamalez, ordea, azken hori ez da beti gertatzen, oraindik sapiens (jakintsua) arrastoa duen gizakiak soilik egin ohi baitu; aurikularrik gabe musika bagoi osoarentzat jartzen duen hominidoa beste etapa batean kokatu beharko genuke, non sapiens kategorian, adibidez.

Burumakurren garunak elikatzen dituzten pantaila horien bazka, gehienetan, txorakeria hutsa izaten da, dantza, abesti edo bestelako bideo lerdoak eta motzak alegia, mundutik deskonektatzeko aitzakian. Halere, badira oraindik ere, gaitz erdi, oso tarteka, podcastak eta audioliburuak entzuten dituzten izakiak ere, baina espeziearen gutxiengoa osatzen dutelakoan nago.

Nonahi ageri dira burumakurrak, giza espezia berria osatzen duten kide antzeman errazak

Hominizazioaren dantza horretan, gurpil zoro baten moduan, burua lurretik aldentzen eman ditugun milioika urteek orain itzulbidea hasi dute, aurpegia pixkanaka berriro lurrerantz gerturatzen ari garelarik. Tira, milioika urte geratzen zaizkigu oraindik hasierako etapara iristeko, baina, agian, era grafikoan azalduta, marrazki bizidunen modura irudika dezakegu inboluzioaren bizkortzea. Kiribiltze prozesuan gaude, beraz, luzatzea lortu dugun bizkarrezurra berriro makurtzeko atazan.

Portaera soziologikoaren behaketan, burumakurrek elkarri aurpegira begiratzea saihesteko jaiduraz konturatuko gara. Tente ibiltzeko ausardia duen gizakiak, harrotzat har ez dezaten, burumakurtze prozedurari ekingo dio lehenago edo geroago. Mendi eta itsasoetako zaborra, bestalde, geure garunen hondakinaren adierazgarri garbia da. Pantailekiko menpekotasuna, berriz, gizakiaren otzantasunaren, utzikeriaren eta ahultasunaren isla nabaria. Eta nomofobia, mugikorrik gabe egoteko beldur ikaragarria alegia, gizartearen gaixotasunaren sintoma.

Burumakurren erreinuan, gainera, zombiwalker-ak, hots, zonbi ibiltariak beraientzat propio egindako erreitik ibiltzen dira, aldamenekotik galzorian dauden beste ibiltariak, aurpegirik gabeak, oinezko distraituaren legearen babesean, zutik igarotzen diren bitartean. Hortaz, akaso, uste baino lehenago, Thomas Mannen Mendi magikoa liburuko protagonistak egin zuena egin beharko dugu, hau da, mundutik kanpo erietxeren batera joan barrukoaz hausnartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide