Disimuluaz

Erabiltzailearen aurpegia Maite Lopez Las Heras 2022ko urt. 4a, 08:41

Maite Lopez Las Herasek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Disimuluaz'.

Emakumeon disimuluaz arituko natzaizue honako honetan. Edo, zehatzago esanda, emakumeok disimulatzeko dugun inposatutako beharraz. Are zehatzago: emakumeoi bizitzako hainbat esparrutan, soldatapeko lanean kasu, eskatzen zaigun plantak egiteko betebeharraz. Mina jendaurrean ezkutatzeko betekizunaz, hain zuzen ere.

Emakumea biologikoki minarekin loturik dagoela esatera ausar naiteke, sozialki hura ostentzera derrigorturik dagoela esatera ausar naitekeen modu bertsuan. Hilekoaren minak, esate baterako, emakume batzuei gogor erasaten die, etzanda egotera behartzeraino. Hor hasten da, ordea, aurkaritzako juntaduren festa. Menstruazioa lanegun batean egokituz gero, edo azterketa egunean, edo bilera egun batean, medikatzeko obligazioarekin bekoz beko egiten dugu topo. Pilulen efektuz mina lokartu arte, disimulatu egin behar, batez ere, jendaurreko lanetan. Ikasle, ikusle, bezero, manuko, gaixo edo lantalde aurrean aritu behar duen emakumezkoak, bestela baitakoan, irribarretsu, osasuntsu, zoriontsu eta indartsu agertu behar du besteen aurrean, osterantzean, gutxietsi edo ahultzat joko dutelakoan.

Antzerako zerbait gertatzen da haurdunaldiaren lehendabiziko hilabeteetako sintomekin. Haurdun dagoen emakumeak, hala dagoela oraindik zabaltzeko zuhurtziaren isiltasunaz gain, zorabioak, goragalea, higuina eta nekea ezkutatzeko beharra jasan behar ditu, haurdunaldiaren berezko sintomez gain, laneko afera intrintsekoez gain. Sarritan, beraz, beharraren zama askoz astunagoa da, ondoeza bera baino.

Mina, edo kaltea, fisikotasunetik haratago, barnekoa ere izaten da, sentimenduetan, ariman edo pentsamenduan zorrotz iltzaturikoa. Ildo horretatik, janzkeraren gaia ere aipa genezake. Noizbait entzun izan dut emakume exekutibo askok takoidun oinetakoak poltsan sartu eta lantokira iristean zapatila erosoengatik aldatzen dituztela, hango itxurakeriaren protokoloak emakumeari irudi jakin bat eraman dezan eskatzen diolako. Gizonak, pantera isilaren gisara, oinkada leunekin gurutzatzen du enpresako korridorea, emakumearen hankatako min eta neke fisiko zein mentalari entzungor.

Lantokia antzoki bilakatzen da, hortaz, maiz emakumearentzat. Instagrameko iragazkien baliokide den makillajeak estaltzen dizkio ama berriari bularra emateagatik lorik egin ezak eragindako betzulo ilunak, musukoak beharturiko irribarrea begiekin soilik marraztu behar izatea ekarri duen bezalaxe. Oraindik ez da asmatu, halere, mina publikoki naturaltasunez jasan ahal izateko askatasuna ematen duen filtro, maskara edo pilularik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide