Marta Oruesagasti: "Nire bilobak txosnan egotera ailegatzen direnean utziko diot nik txosnan taloak egiteari"

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Frances 2016ko abe. 2a, 18:00
Argazkian, ezkerrean, Marta Oruesagasti aurtengo sanandresetan taloak egiten.

Marta Oruesagasti Gurrutxagak (Azkoitia, 1942) 20 bat urte daramatza taloak egiten San Andres jaietan, Floreagako txosnan. Batzuk festan aritzeko, beste batzuek lanean jardun behar izaten dute, eta Martak beti erakutsi izan du lanean jarduteko borondatea.

 

Nolatan hasi zinen Floreagako txosnan taloak egiten?

Duela urte batzuk Floreagako sukaldean lan egiten nuen, eta orduan hasi nintzen Floreagako txosnan taloak egiten. Baserritarra naizenez, banekien taloak egiten. Horregatik, Floreaga pixka bat saltzeko eta, normala den bezala, egunari giro ona emateko intentzioarekin hasi nintzen. Gainera, horrela, umeentzat ere diru pixka bat biltzeko aukera genuen.

Non ikasi zenuen taloak egiten?

Amari ikusita ikasi nuen nik. Gure gazte garaian, ia bi egunean behin taloak jaten genituen; oso ohikoa izaten zen garai hartan etxean taloak jatea.

Zer behar da talo on bat egiteko?

Talo batek oso osagai gutxi behar ditu, eta, gainera, oso errazak: arto irina, gatz pixka bat eta ur epela, beste ezer ez. Talo ona egiteko, tamaina hartu behar da. Taloa, berez, eskuekin zabaltzen da, baina gaur egun badaude horretarako makinak ere. Biekin lortzen den masa berdina da, eta erre ere berdin egiten da.

Zerez betetako taloa gustatzen zaizu gehiena?

Niretzat, esne beroari zopak eginda da taloa onena; guk horrela jaten genuen. Gure garaiko jende asko etortzen da txosnara horretxen bila, gero etxean horrelaxe jateko. Hutsik, zapian bilduta hartu, eta etxera eramaten dute gero esnetan jateko. Neuk ere San Andres egunean horrelaxe eramaten ditut etxera, gauean zopak eginda esne berotan jateko.

Etxean jateko ere egiten al dituzu?

Bai, txabolan lagunekin edo familiarekin biltzen naizenean batez ere, eta normalean neguan. Oraindik segitzen diogu saltsa horri, taloa hirugiharrarekin edo txorizoarekin askori gustatzen zaie eta.

Taloak nola egin behar diren erakusten ere aritzen al zara?

Sanandresetako txosnan bai; urtero jardun behar izaten da erakusten jendeari. Azkenean, urtero guraso berriak egoten dira, eta haiei erakutsi egin behar izaten zaie. Gazteak edo ikasleak, berriz, tabernako kontuetan gehiago ibiltzen dira.

 

 

Taloak saltzeko orduan, eguraldiak ba al du zerikusirik?

Bai, bai. Eguraldiak laguntzen badu, asko saltzen dugu, baina beste batzuetan janari mordo bat sartzen dugu izozkailuan. Gainera, eguraldiak ez badu laguntzen, argi ibili behar izaten da, janaria egun osoan txosnan eduki ondoren ezin izaten delako berriz harategira itzuli. Egunaren arabera, asko aldatzen da. Jendea beti irteten da kalera, baita txingorra bada ere, baina giro ona ez badago, derrepente ezkutatzen dira.

Zer gustatzen zaizu gehiena sanandresetatik?

Herriko giroa: herriko jendez beteta egoten dira kaleak egun horretan, eta hori asko gustatzen zait. Gainera, herriko tailer gehienetan ere jai edukitzen dute egun hori, eta denak kalean ibiltzeko aitzakia ederra da.

Noiz utziko diozu taloak egiteari?

Nire bilobak txosnan egotera ailegatzen direnean utziko diot nik txosnan taloak egiteari; orduantxe alde egingo dut. Bitartean, hortxe jardungo dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide