AEK-ko ekosistema

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2022ko mar. 21a, 09:00

Miren Alberdik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'AEK-ko ekosistema'.

Astelehena da. Goizeko bederatzi eta erdiak. Aneren ikasleak iritsi dira. Guztiak iritsi eta lanean hasi bitartean, elkarri asteburuko kontuak kontatzen dizkiote. Andresek bere txakurraren berri eman digu, lau egun daramatza gaixorik. Carolina gaur ere nekaturik dator; asteburu osoan lan egin du, berriz.

Hamarrak jo dute San Martinen. Oihanak zain ditu Txaro, Beatriz eta Lourdes. Doro beranduago iritsiko da, baita Toño ere. Ana eta Karmen heldu dira. Beatrizek bonboi bana eman die amama izan berri delako. Aldizkariari forma ematen hasi dira.

Maiteren ikasleak ere badatoz, pixkanaka: Ghanako Umar, Aissa guinearra eta Kosovoko Erza dira lehenak. Banel gaur ez da etorriko, umearekin pediatrarenean dagoelako. German argentinarrak Whatsapp bidez abisatu du laster iritsiko dela. Proiektorea piztu eta mutil bat ohean eserita nagiak ateratzen. Goiz esnatu da izenburua. "Niri ez zait goiz esnatzea gustatzen", esan du Erzak. Zer egitea gustatzen zaien eta zer ez ari dira lantzen, eta aurreko ostegunean landutakoa ederki gogoratzen dute.

Mirenek gelan zain du Andrea. Esther eta Miguel Angel ere iritsi dira. Yoana presaka dator, Kepa eta Ion lasaiago. Itziar ere heldu da. Liburuaren lanketa tokatzen da: Jon Arretxeren Urrezko triangelua. Ulermen galderak eta lexikoa landuko dituzte. Baita gramatika ariketak ere. Idazlana egitea baino nahiago dute hori.

Arratsaldeko hirurak. Oihanaren ikaslea den Alina pakistandarra, beti bezala, lehena iritsi da eta errepasatzen ari da. Korridorearen beste muturrean, Manolo eta Carlos sartu dira Mirenen gelan. Eta Aneren taldeko Firdaus ere iritsi da Ammar txikiarekin; bi hilabete dira jaio zela eta ikaskideei aurkeztu die. Ane, Oihana eta Miren badatoz eskaileretan behera. Iritsi dira guztiak eta hasi dira lanean hiru taldeetan.

Mirenen taldeko Patxiren biloba katarroarekin omen dago, baita Yolandaren ama ere. Javik larunbateko kontzertuko kontuak kontatu dizkigu, eta Angelak, berriz, txistea. Joey filipinarra gaur beranduago iritsi da, lurra lantzen aritu baita. Laster loreak landatzeko sasoia iritsiko da. Zineb eta Ibra ere etorri dira. Zineb Marrakechen jaio zen, eta Ibra, berriz, Senegaletik etorri zen duela zazpi urte. Gelako gazteenak dira. Gaur konpletiboa eta erlatiboa landu dituzte eta, batek baino gehiagok, izerditan amaitu dute eskola.

Bostak hamar gutxi. Amaitzen hasiko gara. Batzuk presaka doaz umeen bila eskoletara. Besteak, patxadaz.

Aio, bihar arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide