Zizel taldea: «Gure lekutxoa egiteko esperantza dugu, musika estiloagatik»

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2018ko eka. 15a, 09:36

Alberto Martinez Alberdiren (Azkoitia, 1990) eta Mikel Iraeta Azpiazuren (Azkoitia, 1992) azken lana da Zizel. Ekainaren 16an diskoa aurkeztuko dute Matadeixen, eta publikoaren geroko erreakzioak ikusteko irrikaz daude.

 

Nondik sortu da Zizel taldea?

Alberto Martinez: Bartzelonan bi urte eman nituen soinu ikasketak egiten, eta eskolan bertan eman nion forma proiektuari. Bateria, gitarra eta ahotsa zituen kanta bat eskatzen zuten eskolan. Ordenagailuan gordea nuen ideia bati hitzak jarri, eta At kanta aurkeztu nuen.

Gerora, At kantarekin eta beste bostekin, Zea Mays musika taldearen aurretik kontzertua eman nuen Bartzelonako Sidecar aretoan. Orduan konturatu nintzen zoramena zela lana bakarrik egitea, eta taldekide bila hastea erabaki nuen. Azkoitira egin nuen bidaia batean, kasualitatez, Mikel Iraetak eta biok musikari buruzko elkarrizketa bat izan genuen, eta puntu askotan zerikusi handia genuela konturatu nintzen. Handik gutxira, Iñigo Bordak bere artelan baten bideoa igo zuen; bideo horri Iraetak jarri zion musika. Amaitu orduko, Iraetari idatzi nion proposamena egiteko.

Zein musika mota jotzen duzue?

Martinez: Alde batetik, gitarra akustikoek folk ukitua ematen diete kantuei. Bestetik, base elektronikoak trip hop industrial moduko batean egin ditugu, eta horrek noise puntu bat eman dio. Diskoarekin oso gustura gelditu gara. Islatu nahi genuena lortu dugu, eta kantuak biribilak geratu dira. Gainera, diskoa kaleratu berritan, kritika onak heldu zaizkigu, eta ilusio berezia egin digu musikazaleen artean izan duen harrerak.

Zein instrumentu jotzen dituzue? 

Iraeta: Zizeleko instrumentazioa base elektronikoak, teklatuak, sinteak eta gitarra akustikoa dira. Nik baseak kontrolatu eta teklatuak jotzen ditut, eta Albertok gitarra jo eta abestu egiten du.

Zergatik Zizel izena? 

Martinez: Egurra zizelkatzen jardun nuen behin, eta asko gustatu zitzaidan eskulan hori. Egurrari forma emanez, asko gozatzen nuen figura desberdinak sortzen, eta musika sortzeko prozesuan ere antzeko gozamena sentitzen dut. Horregatik jarri nion Zizel izena proiektuari.

Zein desira dituzue, eta nora iristea gustatuko litzaizueke Zizelekin?

Iraeta: Elkarrekin berriketan asko amesten dugu, baina berehala itzultzen gara errealitatera. Adibidez, fantasia horietako bat da furgoneta hartu eta Europan kontzertu batzuk ematea. Momentuz, ordea, Bartzelonan gaude, eta helburua da hirian bertan eta Euskal Herrian ahal den kontzertu gehien lotzea. Zaila iruditzen zaigu herritik kanpo euskaraz abestuta publikoa izatea. Halere, gure lekutxoa egiteko esperantza dugu, musika estiloagatik.

Ekainaren 16an Matadeixen aurkeztuko duzue lana. Ari al zarete prestatzen? Gogotsu al zaudete?

Iraeta: Bai, ia egunero ari gara entseatzen, eta ordu mordoa pasatzen dugu lokalean. Mataidexen elektronikak ematen duen jokoa aprobetxatuz, inprobisazioari leku bat egin nahi diogu, eta horrek lana eskatzen du. Sekulako gogoa dugu kontzerturako, eta neuri bereziki, ilusio handia egiten dit hainbeste aldiz ikusle moduan egon naizen lekuan kontzertu bat emateak. Matadeixen diskoa aurkeztu eta geroko erreakzioak ikusteko kuriositatea dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide