Maite Alberdi, Suitzan bizi den azkoitiarra: "Bizitzan behin agertuko zaidan aukera da hau"

Maite Alberdi azkoitiarrak 20 urte ditu, eta Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak egiten ari da 5-6 hilabetez Suitzan. Horrez gain, Hemenbuy webgunerako modelo lanetan ere aritu da uda
honetan, beste lagun batzuekin batera.

Non ari zara Eramus egonaldia egiten? Noiz joan zinen eta noiz arte?
Genevan ari naiz nire egonaldia egiten, Suitzan. Irailean etorri nintzen, eta urtarrilean edo otsailean bueltatuko naiz, azterketak amaitzen ditudanean. Gabonetan, ordea, Azkoitira itzultzeko asmoa dut, etxekoekin eta ingurukoekin egoteko eta azterketak prestatzeko.


Zer arrazoik bultzatu zintuen Erasmusen parte hartzera? Zergatik erabaki zenuen Suitzara joatea? Damurik?
Esperientzia berri bat da azken finean, bizitzan behin agertuko zaidan aukera bat, eta, ingurukoek hitz onak besterik ez zutenez, parte hartzea erabaki nuen. Bestalde, iruditzen zaidan hizkuntza bat ikasteko ez dagoela hizkuntza hori hitz egiten den herrialde batean bizitzea bezalakorik.
Egia esan, ez nuen erabaki Suitzara joatea; nik, Lehen Hezkuntza ikasten hasi nintzenetik, Danimarkara joan nahi izan dut. Izan ere, iparraldeko herrialdeek dute hezkuntza inguruan osperik handiena; gainera, ingelesa praktikatzeko toki egokia da, eta hori nahi nuen nik. Baina hiru plaza bakarrik zeuden hara joateko, eta jende askok eskatu zituen; beraz, kanpoan geratu nintzen. Hala ere, ingeleseko titulua eta nota ona izateagatik, Sui-tzara joateko aukera eman zidaten.
Hasieran, ikasgaiak aukeratzerakoan arazoak izan nituen, gehienak frantsesez zirelako. Azkenean, ordea, irakasleek asko lagundu zidaten, eta bi lan independente gazteleraz egitea baina klaseak frantsesez jasotzea proposatu zidaten. Beste irakasgai bat, berriz, ingelesez ari naiz jasotzen, beste bat gazteleraz, eta, horrez gain, frantsesa bera ikasteko bi klase hartzen ditut doan, gramatika eta ahozkoa lantzeko. Beraz, nahiz eta hasieran momentu txar xamarrak igaro, orain ez nuke ezergatik ere aldatuko Eramusa hemen egitea; izan ere, hiru hizkuntza lantzeaz gain, inguruarekin oso gustura sentitzen naiz.

 


Ikasteaz gain, bidaiatzeko aukerarik izan al duzu? Zein hiri ezagutu dituzu?
Bai, lehenengo Lyonen izan nintzen hemengo beste Erasmus ikasle batzuekin; duela gutxi Kopenhagera ere (Danimarka) joan ginen, hango Euskal Herriko Erasmusen etxera, eta handik, kruzero txiki batean, Oslora (Norvegia). Abenduan Parisera (Frantzia) eta Belgradera (Serbia) joateko bidaiak hartuta dauzkagu. Suitzan bertan, berriz, bidaiatzea askoz garestiagoa da, baina Montreux, Berna eta Zurich ikustea gustatuko litzaiguke, eta Frantzian, Annecy.


Zer da Genevatik gehien gustatu zaizuna? Eta gutxien?
Gehien, hezkuntza oso ona dela, bizi-kalitatea ere bai, eta paisaia benetan polita dela. Gutxien, oso garestia dela.


Zer botatzen duzu gehien faltan Azkoititik?
Batez ere, nire etxekoak eta ingurukoak, baina, horrez gain, janaria, festa, prezioak eta euskara.
Udan, Azkoitiko hainbat dendatako irudi edo modelo lanetan ikusi zaitugu. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Hemenbuy taldekoek mezu bat bidali zidaten Facebooketik, nire argazkiak gustatzen zitzaizkiela esanez, eta ea proiektu horretan parte hartu nahi nuen. Gustatuko litzaidake Azkoitira itzulitakoan horrekin jarraitzea.


Zer esaten zizuten ingurukoek argazkiak ikusitakoan?
Batzuek bazekiten, eta beste batzuek gero komentatzen zidaten ikusi nindutela eta abar. Oro har ingurukoen babesa jaso dut une oro.


Zure egoeran daudenei Erasmus edo atzerrian antzeko egonaldiren bat egitea gomendatuko zenieke?
Dudarik gabe. Akademikoki ez ezik, pertsonalki ere asko ikasten da, eta hori hor geratzen da betiko.