Zaharren egoitzei buruzko ohar batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Campos Sagaseta 2019ko urr. 1a, 16:00

Koldo Camposek zaharren egoitzen inguruan naiz.eus webgunean idatzitako artikulu euskaratua da 'Zaharren egoitzei buruzko ohar batzuk'

Tutoretzapeko etxe batean bizi naiz, Azkoitiko San Jose/Biharko zaharren egoitzan, eta bizileku horren inguruko gogoeta batzuk partekatu nahiko nituzke.

Lehenengo gogoeta: egoitzak, ikastetxeak eta ospitaleak bezalaxe, ez lirateke sekula negozio-iturri izan behar; aitzitik, iturri emankorrenetako bat dira. Zenbat eta bezero gehiago, orduan eta langile gutxiago. Pixoihalak eta patata frijituak zenbatu egiten dira, dena zenbatzen da, pastillak izan ezik. Elkarbizitzarako proposamen berri eta integratzailea izan daitekeena, hirugarren adintzat jotzen denarentzako sormen espazio eder bat, negozioaren eskuetan hondakinen biltegi bihurtu da, traste zaharren ganbara edo azaburuen negutegi, non bertakoei umeak balira bezala hitz egiten dieten, memoriarik ez balute bezala gezurra esan, biziko ez balira bezala jaramonik ez egin. Egoitzak berrantolatu egin behar dira, ez ezeren azken geltoki edo atariko bezala, baizik eta bizitza laurogei urte geroago birsortzeko aukera moduan.

Bigarren gogoeta egoitzaren kokapenari buruzkoa da. Halako batean, udaletxeak erabaki zuen leku aproposa izango zela herrialdearen kanpoaldea, zaratatik urrun. Ez da orduko helburua lortu. Distantziak urrundu egiten du, banandu, hautsi. Harremanak urtu egiten dira, ahitu. Denbora joan egiten da, urteak ere bai. Argiak itzaltzen doaz. Herria gero eta urrutiago dago. Zoritxarreko egun batean, eskela agertzen da elizako paretan. Distantziak hil egiten du. Herrian, pasaeran joaten gara plazara, elizara, ibai ertzera… baina egoitza inor ez da pasaeran joaten, hara propio joan behar baita. Eta galtzen doana ez da familiako inguru afektiboa soilik, harreman horren kalitatea ere bai, gero eta eskasagoa delako; herrian elkar topatzea zen hura, egoitzan arratsaldeko 5etatik 7etara bitarteko bisitak dira orain.

Eta hara hirugarren gogoeta. Erietxe batean zuk zure gela beste norbaitekin partekatu beharra duzu. Inork ez du hori atsegin, baina onartu egiten duzu, egun batzuetako kontua da eta. Egoitzako zure gelan, ordea, zure izena ageri da atean. Zure “etxea” da, gune pertsonal hori, ezagutzen ez duzun norbaitekin edo, ezagutzen duzulako, gogoko ez duzun norbaitekin partekatu beharreko txokoa. Zure egonkortasun emozionala espazio goxo hori bermatzearen araberakoa izango da.

Musika osasuna da, laugarren gogoetan, eta ez naiz luzatuko arimarentzako nahitaezko oxigenoaren dohainak aletzen, egoitzak ez baitu dohain horietan sinesten, eta nik ere ez espirituetan. Nik musikan sinesten dut, benetan. Musikan gozagarri bezala, hizkuntza gisa, konpainia eran, terapia moduan. Nietzschek zioenez, “musikarik gabe, bizitzea akatsa izango litzateke”, eta egoitzan, boluntario talde batek eta bisitariek sustatzen dutenaz gain, ez dago musikarik. Egoiliarrak “entretenituta izateko” baliabide bezala soilik ulertzen da musika, ez dago besterik; musika egoiliarren bizitzan bizigarri iraunkorra izateko proposamenik ez dago, ez delako musika egiaz baloratzen, ez da hartan sinesten, eta musika tapioka baino askoz elikagai hobea da.

Bosgarren gogoeta. Egoiliarren osasunari eusteko elikadura zaindu behar dugun neurri berean, haien telebista kontsumoa ere zaindu beharko genuke. Kanal handietako programazio gehiena alienatzailea eta ergelgarria da, buruarentzako gatz hutsa. Filmak, dokumentalak, kontzertuak proiekta daitezke, sare sozialetako bideoak txertatu. Gizakion ikasteko ahalmena ez du adinak erabakitzen. Zaharren egoitza bat eta azaburuen negutegi bat horrexek bereizten ditu: lehenengoek ikasteko gaitasuna dute, eta, itxura guztien arabera, bigarrengoek ez.

Seigarren gogoeta. Wifirik ez dago, eta iristen denean zuzendaritzak internetekin zer egingo duen izango da kontua, tresna horrekin egoiliarren aldeko zer egingo duen… betiere “entretenituta izateko” helburuarekin. Erretolikak utzita, galdera horien erantzunak ongi ezagutzen baititut, internetik gabe pentsaezinak izango lirateke idatzi honetan adierazten ari naizen gogoetetako batzuk, eta proposatu ez ditudan gehienak ere bai.

Zazpigarren gogoeta. Egoitzako sukaldean, joandako garai guztiak hobeak izan ziren. Izan ere, egoiliarrek gogo onez hartuko lituzkete jangaiak bertakoak eta freskoak ziren garai haiek, tortilla frantsesak edo arraina izoztuak ez zireneko haiek; laranja zukuak laranjazkoak zirenean, eta pureak ogi-txigorkiak zituenean, beti bigarren aukera bat zegoenean, ordezko aukera bi mortadela gurpil ez zirenean.

Azken gogoeta, lehenengoa da egia esan, funtsezkoena eta premia handienekoa delako: langile gehiago!

Langile gehiago behar dira solairu guztietan, txanda eta alor guztietan. Egoiliarrentzat, langileen greba baino nabariagoa da enpresaren greba, egunerokoa. Bajak ez dituzte ordezkatzen, inork ez du oporretara doana ordezkatzen. Etengabe aldaketak eginez, anabasa eragiten da. Egun batean, garbitzaileak jasotzen ditu mahaiak, beste batean pastillak banatzen ditu, egunero senitartekoak ikus ditzakezu lerde-zapiak bilatzen eta janzten… Konpainia da egoiliarren premia nagusia, beste aldean norbait izatea, eta beste aldean langile bat egoten da, inoiz ere denborarik ez daukana, haren denbora enpresarena delako, eta enpresak erabaki duelako, egoliarrari fardela aldatzen dion bitartean, beste eskuarekin orraztu egingo duela, eta hura jantzi orduko beste bat aldatuko duela…

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak behin batean esan zuenez, “pertsonen duintasuna greba eskubidearen gainetik dago”. Eta negozioaren gainetik ere bai? Egoitzak merkatu paralelora igaroko al dira?

Egoitzak ez dira diru-iturri izan behar. Eta bai, baliabideak badaude. Mafaldari jarraitu besterik ez dago: ezin dugu onartu premiazkoak garrantzizkoari denbora guztia kentzea.

(Jatorrizko artikulu osoa gaztelaniaz irakurri nahi baduzu, hemen daukazu: naiz)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide