Eragin nahi duzun hori

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2023ko urt. 14a, 08:30
Abenduko aldizkarirako idatzitako iritzia.

Karmen Irizarrek abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eragin nahi duzun hori'.

"Egiten dugun orok du nolabaiteko eragina. Norberak erabaki behar du zer eragin nahi duen", Jane Goodall primatologoaren esaldi hori izan zen aurtengo Geure gelatik liburu azokako goiburua. Sekulako indarra duen mezua delako aukeratu genuen, ona zein txarra aitortzen dituelako eta bataren zein bestearen artean hautatzeko aukeraz eta askatasunaz jabearazten gaituelako.

Albistegiek begi-bihotzak minez, malkoz eta kontu tristeez gainezka egin arte betetzen dizkiguten honetan, leihotik euri zaparradari begira nagoela, neure artean pentsatzen aritu naiz zerk bultzatzen ote gaituen mina eta negarra eragitea aukeratzera, zergatik ote den hain erraza bortizkeria, jarrera oldarkorrak eta hitz gogorrak han-hemenka entzutea, zergatik behar izan dugun pandemia bat konturatzeko zenbateraino hauskorrak garen eta zenbateraino behar dugun elkar.

Eta burura etorri zait, ez dela gauza handirik behar edozein unetan gozo eta poz pixka bat zabaltzeko. Nahikoa dela urtebetetzea duen horri "urte askoan!" esatea irribarrea piz dakion ezpainetan, edo etxepeko bizilagunari pakete handi bat igogailuraino eramaten laguntzea zer moduz dabilen galdetu eta norbait berarekin akordatzen dela jakinarazteko. Nekez ulertuko dugu etxean gaixoaldi gogorra edo egoera latza pasatzen ari denaren trantzea, baina kontatzeko duen horri arreta pixka bat jartzea nahikoa da une batean topea iritsi zaiola ikusten duen horrek barrua ondo lasaituta eta buruan dabilzkien kezkak arindu egin zaizkiola sentitzeko.

Ez du horrek egoera aldatzen, ez mundua hobetzen, ez mina betirako kentzen, baina bidea leuntzen du, bakardade sentimendua argitzen du eta itxaropenari zirrikitua irekitzen diola sinetsita nago.

Bestea ere zilegi da, jakina, norberak bere kolkoan nahikoa lan duela iritzita, norbere bidea egitea, bidelagun ditugun horiei arreta handirik jarri gabe.

Itzeleko arrakasta izango litzateke jakitea idatziek norbaiti irribarrea eragin diotela

Biak aukeran izanda, ordea, eta biek ala biek antzeko ahalegina eskatuta, zergatik ez egin ongizatea eta poza eragin dezaketen detaile txiki horien alde? Zergatik ez jokatu pertsona guztiekin abegitsu eta gozo?

Atrebentzia da beti norberak esateko duena argitaratzeko modukoa dela pentsatzea. Atrebentzia horri helduta ibil naiz 1996az geroztik. Sarriago batzuetan eta tarte handiagoarekin bestetan, 26 urtez idatzi ditut unean-unean buruan ibili ditudan gogoetak eta iritziak, eta Maxixatzenek beti argitaratu ditu. Ez dakit zenbat jendek irakurriko zituen nik idatzitako artikuluak, baina guztiekin heldu zait gozo pixka bat. Ados egon edo ez, beti helarazi didate hainbat lagunek idatzi dudan horri buruzko iritzia. Ederra da norberak idatzitakoa irakurtzeko tartea hartu dutela ikustea. Egoa pixka bat puzten dizu, eta batez ere, norbait entzuten ari zaizula sentitzen duzu, badela norbait zuri arreta jarri dizuna, bazarela nor norbaitentzat.

Itzeleko arrakasta eta saria izango litzateke jakitea idatziek norbaiti irribarrea eragin diotela, lerro artean bere burua ikusi duela edo berak pentsatzen duen hori jasotzen duela testu batek. Eta are arrakasta handiagoa jakitea, zauririk ez duela eragin, ez diola inori begitartea goibeldu eta ez duela bere burua baztertuta ikusi. Halakorik izan bada, hanka sartze galanta egin dudala aitortu eta barkamena eskatu baino ezin dut egin. Plazera izan da. Hurrena arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide