Jasangarritasun jasangaitza

Kari Alberdik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Jasangarritasun jasangaitza'.

Oker goaz aurrera, gure lurra hiltzera, biziaren sorrera, ez igorri lurpera, ez ehortzi gure lurra, gu baikara lurra bera". Caroline Phillipsek eta Mixel Ducauk hitz horiek idatzi zituztenetik 28 bira eman ditu Lurrak eguzkiaren inguruan. 28 udaren, 28 udazkenen eta 28 neguren ostean berriro ere berdetu dira larreak, loratu dira landareak eta epeldu dira barrenak. Ia hilabete eta erdi igaro da udaberriko ekinoziotik, eta eternitate bat klima larrialdi batean murgildurik gaudela ohartu ginenetik. Arazoari soluzioa(k) aurkitzeko norabidearen iparra inoiz baino galduago dagoela dirudi azkenaldian. Eta batez ere, iparra galtzen gabiltzala dirudi, mahai gaineko soluzioak berriro ere arazo bihurtzen baitira. Abian jarri nahi diren behin-behineko partxeek izerditutako besapeetan desodorantea botatzearen antzeko emaitza dute: errotik garbitzen ez den arazoa ez da behin betiko garbitzen eta usainak okerrera egin ohi du. 

Berria joan den udan iritsi zen gure mendietara eta kaleetara: Capital Energy enpresa lau aerosorgailu jartzekoa da Oleta mendian, horietako bi Azkoitiko lurretan, zehazki. Proiektuak Buruzai du izena eta ez da eskualdeko lurretan martxan jarri nahi den proiektu bakarra. Horren testigu dira SanĖƒoa mendia eta inguruak ere, beste hainbat lurren artean. Ekologismoz aurpegia (eta hauteskundeetarako propagandak) apaintzea, ordea, ez da nahikoa. "Jasangarritasunaren" lelopean dagoeneko jasangaitza den egoera baten kudeaketa kaskar baten aurrean gaudela esan dezakegu. Horien eskuetan energia berriek energia zaharren usaina dute.

Kapitalak ere bere arropen koloreak trukatu ohi ditu gizartearen klimaren arabera

Izan ere, urtaroen joan-etorriarekin batera paisaiaren koloreak aldatuz doazen moduan, kapitalak ere bere arropen koloreak trukatu ohi ditu gizartearen klimaren arabera. Martxoak zortzi dituenean morez janzten den bezala, azken urteetan janzkera berdeekiko egin du apustua. Itxura berdea eta arima beltza. Gizartearen zalantzak bildu eta soluzio posibleak bere parametroetara eta mesedera mugatzean datza bere estrategiak. Berak sortutako korapiloak askatzeko promesak egin eta soka gehiago estutzen duen trikimailua. Sokak itotzen du errealitatea, eta askori trikimailuak itsutu egin dio ikuspegia. Morala ere beherapenetan dago antza. 

Argia da helburua eta iluna ondorioa. Energia garbiaren izenean beren izenak garbitzea. Gure mendien berdea ustiatuz beren patrikak berdez betetzea. Norbaitek "burua" erabili zain aurkitzen da gaur egun Azkoitia.