Kartzela ondoan

Juan Luis Zabala.

Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzarako idatzitako iritzi artikulua: 'Kartzela ondoan'.

Ez didak sinistuko! —esan zidan, tabernako terrazan garagardo banaren aurrean eseri ginenean—. Ba al dakik zein agurtu dudan oraintxe?

—Aztarrenik ere ez.

—Preso bat! Ziegako leihoan zegoan, barroteen atzean, pelikuletan bezala, eta begira geratu natzaiok, ezin izan diat beste inora begiratu. Eta nola berak ere ni ikusi nauela konturatu naizen, besoa altxatu diat agur moduan, eta berak gauza bera egin dik.

—Niri ere gauza bera gertatu zitzaidanan orain hurrengoan. Lehen estalita zegonan kartzelaren eraikin osoa, baina auzoa berritu eta etxe berriak egin dituztenetik kaletik ikusten ditun ziegetako leihoak beren barroteekin, eta batzuetan presoak ere bai leiho horietan.

—Artegagarria izan duk. Batetik, damu moduko bat sentitu diat, muturra sartu behar ez nuen lekuan sartu banu bezala, baina, bestetik, preso horrekin egoteko eta hitz egiteko gogoa sartu zaidak…

—Ohitu egiten haiz horretara ere. Kartzela ondoan eraiki dituzten etxe berrietako leihoetatik eta etxe horiek goian duten terrazatik presoak patioan ikusten ditizten. Eta bitxia dun: etxeak eraikitzen zituzten bitartean ertzainek ez zinaten uzten kartzela aldera hurreratzen, hain zuzen ere, kartzela barrua ikustea eragozteko. Orain, aldiz, nahi ez duenak ere kartzela ikustea beste erremediorik ez zeukan.

Gipuzkoako Hitzan argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik