Kolpetik Españixe kenduko baligue…

Azkoitiko euskaran ahal bezala idatzitako fikziozko autu edo solas labur hau irakurri nuen Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Independentzia osteko egunak errezitaldian. Iñigo Aranbarri, Jon Benito, Xabi Borda, Xabier Gantzarain, Juan Karlos Merino, Felipe Murillo eta Jose Luis Otamendirekin batera hartu nuen parte, eta musika jartzen Juan Azpillaga aritu zen:

–Antton, ba al dakik azpeittiarrak ze ein ber deben laister?

–Azpeittiarrak? Ez, eztiñat ezer aittu. Ze ba?

–I ez aiz ezertaz enteratzen.

–Ni azkoittiarra naun. Etziten inporta zapuek zertan ai din.

–Ba kontsultie ein ber diebe, erabaitzeko eskubidin gaiñin.

–Kontsultie? Zer kontsulta? Medikuna bezalakue?

–Ez, gizona. Botaixue. Referendume edo oixetako bat.

–A! Bale, bale. Ta… zertaz esan den, Anttoni?

–Erabaitzeko eskubidin gaiñin.

 –Erabaitzeko eskubidie? Ze erabaitzeko ordie?

–Zer munduten bizi aiz hi? Ze erabaitzeko izengo dek ba? Ia Españixetik aparteko Euskadi bat nai al deben edo…

–A! Independentzixe?

–Bueno, bai, edo autodeterminazixue edo dana dalakue…

–Ba Azkoittixen olakoik eingo balitz, nik ezetz botauko niñan, bate dudipe.

–A bai, e? Ze ba?

–Aurrekun eon nitxiñan ortaz pentsatzen ta…

–Joño! Ta?

–Ba… nekau egin nitxinan.

–Banatxauan ba ni! Ez uan asko berko. Pentsatze kontu ori latza dek iretzat.

–Ik nai denana esango den, baiñe musin numero uno nitxion, e. Galdetu lagunei.

–Musin izen berkoik.

–Musin sikire ondo pasatzeiñat, baiñe independentzi kontu oixetan pentsatzen… azkar askoik laga nitxonan, sufritzen ai nitxiñan ta.

–Sufritzen?

–Bai ba. Pentsa. Lenengo gauzie: ze ligatan jokauko zun Realak Euskadi independiente izenezkeo?

–Partido geixo irabaziko litxizkik beintzet, ezta?

–Bai baine… zeiñen kontra? Barakaldo? Real Union? Lagun Onak? Anaitasuna? Ilintxa? Kilimon? Hortako…

–Zorioneko fuela!

–Fuela besteik ezpalitz, gaitzerdi.

–Ze geixo dao ba?

–Joe! Deskuidatzen baaiz, independentzixekin, dana euskeraz eitten asi berko genikin.

–Normala! Ez al gea ba euskaldunek?

–Bai, baiñe… etzakiñat ba. Periodikue, telebisixue, liburuk…

–Liburuk? Ze liburu?

–Et, et, et… Dolores Redondorena bukau niñan lengokun, e!

–Euskeraz’e badaukek liburu ori, ederki asko traduziute.

–Baiñe ez naun orta oitzen. Etzaukeiñat eskolaik ta euskera batun kontu ori etzion gure morukuntzako einde.

–Ta erderie bai?

–Ba letzeko bai beintzet. Aukeran, askoz’e naixo erderaz.

–Batuekin’e azkar asko oituko itzean, besteik ez baleo.

–Puf! Naixo aprobarik ez eginde. Earki gatxauden gauden bezela.

–Baiñe i beti antiespaiñol sutsue ez al aiz ba izen?

Y a mucha honra, e! Ori ez kendu neri geo!

–Ortaz?

–Joe , neska, dana esan ber altzain iri? Kolpetik Españixe kenduko baligue…

–Ze? Gaizkitxo, ezta?

–Bai zea! Eon ai ixillik! Ik ba al dakin zer dan taberna jun, telebixoko informatibue ikusi ta dana txerrikeri pute bat dala esateko daukeun aukerie. Ori ezten dirukin pagatzen. Ori osasune den, osasun uts eta purue. Ta Españixe kenduko baligue… kejatzeko dauzkeun motibun erdixek pasa aizie artzea kolpetik. Ni hablar, aizan! ¡Eso no se negocia!

–Ola ikusitte, arrazoie daukek, bai. Españixe ondo merezittekue bakarrik ez, ondo berrekue dek ik, gustora biziko baaiz.

Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak maiatzaren 26an  31 eskutik blogean idatzitako testua da hau.