Tia Anita eta Londresko goilaratxoa

Martxoaren 8an hil zen, 101 urte zituela (gizarte zibilaren aitortza eta omena jaso eta urtebetera), Ana Alberdi Artetxe, gure etxean beti “Tia Anita” izendatua, nahiz eta etxeko inoren izeko ez izan. Gure aitona Inazio zenaren iloba zen, haren arrebaren alaba zehazki. Ni jaio aurretik, edo ni koxkortu aurretik behintzat, Tia Anitak, artean gazte eta sasoiko zela, 30 urte eman zituen Londresen lanean, haraino halabeharrak eramana, ez apetak, gogoak edo plazerak. Garai hartan, 70eko hamarkadan, estranjeire (estranjeriara, atzerrira) ez zen nornahi noiznahi eta nolanahi joaten, eta niri lanak ematen zizkidan sinisteak Londresen bizi izandako eta han ingelesa ikasitako ahaide bat genuela familian; ez oso gertukoa ere, baina ahaide bat azken batean, gure familia Urola bailarako abizen zentro-eskaldunez esklusibitate osoz hornituan. Oso gutxitan egon nintzen aurrez aurre Tia Anitarekin, eta ez daukat haren aurpegiaren akordu handirik. Baina nire ume garai osoan, eta gero ere urte askoan, Tia Anitak guri oparitutako ontzi txiki batetik hartzen genuen beti azukrea etxean, heldulekuaren goiko muturrean Londresen jatorrizko izena (London) eta ezkutua zituen goilaratxo batekin (honen antzekoa, baina askoz ere soilagoa). Goilaratxo haren kosmopolitismoa txokantea gertatzen zen inguruko guztiaren bertakotasun nabarmenaren ondoan (salbuespen bakarra Reader's Digest aldizkariaren ale bakan batzuk ziren). Tia Anita aipatzen didaten bakoitzean goilaratxo hartaz gogoratzen naiz beti; baita orain hurrengoan ere, Tia Anita hil zela jakin nuenean. Goilaratxoaz gogoratzeaz gain, pentsatu nuen gustura zelatatuko nukeela zirrikitu batetik azukrea zerbitzatzeko kit txiki eta apain hura erosi zuen unea, Londresko denda batean I suppose, eta gustura jakingo nukeela zer kezka, asmo eta itxaropen zeuzkan buru-bihotzetan egun hartan.

Osorik irakurri