'Árbitro comprao'

Epaile baten irudia. (Pixabay)

Jose Ramon Aranbarrik abenduko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Árbitro comprao'.

Larunbat goiz batean, futbol zelai batean, 2008-2009an jaiotako haurren futbol partida bat ikusten ari nintzen. Partidako jokaldi batean, epaileak hegaleko sakea agindu zuen talde baten alde, eta, bat-batean, nire atzean oihu bat entzun nuen: "Árbitro comprao". Oihua zelaitik kanpo zegoen adineko emakume batena izan zen; barrea eragin zidan, baina, aldi berean, gogoeta ere bai.

Edozein txapelketatan, izan futbola, saskibaloia edo judoa, epailea iraintzea edo epaileari oihukatzea ohitura da; horretara ohitu gara eta normaltzat jotzen dugu, baina aldi berean kezkagarria ere bada, errespetu falta nabari baitzaio.

Pertsona batek haurra denean ikasten du heldua izaten, eta helduok haurren nortasunaren forjatzaileak gara. 12-13 urterekin, haurrak beren nortasuna sortzen eta garatzen hasten dira, eta beraz, oso moldagarriak dira. Guk, pertsona heldu bezala, beraiekiko dugun erantzukizuna handia da. 12-13 urteko haurren arteko lehiaketetan ez luke garrantzitsua izan behar irabazteak edo galtzeak, nahiz eta batzuentzat garrantzitsuena hori dela dirudien; adin horietako haurrei errespetua, hezkuntza eta kiroltasuna bezalako balioak irakastea izan beharko luke helburua.

Haurrak belakiak bezalakoak dira, eta ikusten eta entzuten duten guztia xurgatzen dute; ondorioz, gure jarrerek eragin handia dute beren jokabidean. Haurrek helduei ikusten eta entzuten dietena egiten dute, eta ikusi eta entzun dutenaren arabera jokatzen dute. Egungo haur horiei, helduak direnean, nola eskatuko diegu errespetua, ez badiegu hori irakatsi umeak direnean? Nola eskatuko diegu edukazioa, iraina gauza normala eta egunerokoa dela irakatsi badiegu? Irakasten ari garen jokaerekin, nolako nortasuna garatuko dute haur horiek?

Gipuzkoako herri batean izan nuen nire lehen esperientzia profesionala. Han, lanean urte asko zeramatzaten lehen mailako bi sendagilerekin egin nuen topo: Antton eta Pedro. Ni gaztea nintzen, eta beraiek helduak; ni hasiberri baten ilusioarekin nengoen, eta beraiek denbora asko zeramaten lanean. Gauza asko ikusitakoak eta pasatutakoak ziren, eta denetik bueltan zauden; beraz, gure ikuspuntuak oso kontrakoak ziren eta talka egiten zuten.

Bizitzak eraman ninduenean medikuntza ibai ertzaren beste aldetik ikustera eta leku horretatik lan egitera, bazkari batean honako hau bota zidaten: "Ez saiatu gu zuzentzen, gu zuhaitz oker bat bezalakoa baikara. Molda itzazu gazteak, jar iezaiezu enborrean makila, zuzen hazteko, horretarako aukera baitute; gu, aldiz, makil asko jarrita ere, zuzengaitzak gara; ez galdu denbora alferrik gurekin".

Haur bat zuhaitz bat bezalakoa da, eta gure esku dago, helduon esku, zuzen haztea eta bidean ez okertzea. Ume direnean irakasten ez dieguna, ez dute ikasiko helduak direnean. Helduak direnean Pedro eta Antton bezalako zuhaitz okertuak izango dira, eta ezingo diegu irakasten jakin ez ditugun errespetua eta balioak izaterik eskatu.