Erronka txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2023ko ira. 4a, 10:00

Joseba Epeldek abuztuko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Erronka txikiak.

Igande arratsaldea, zer egin handirik gabe. Nire aldartea ez da batere txarra, nahiz eta ia definizioz, edo dogmaz, igande arratsaldeek asteko ilunenak izan behar duten, ostiral arratsaldeek asteko gozagarrienak izan besterik ez duten moduan. Baina, ez, nire burua ez dago antsietateak jota asteak ekarriko didan lan-zamaz kezkaturik; hurrengo ordubetea nola bete pentsatzen ari naiz, besterik gabe. Eta euskaldunok erronka-zaleak garenez –halabeharrez edo definizioz hori ere–, neure buruari egiteko txiki bat jartzen saiatu naiz: zulatutako galtzerdi bat josten ahaleginduko naiz.

Ez dakit zuei gertatzen zaizuen, baina ematen du nire oinetako behatzek galtzerdiak jaten gozatzen dutela. Eta, niri pena ematen dit ia erabili gabe dauden galtzerdiak botatzeak; xuhur samarra naizelako izango da ziur asko. Badakit zaharrak botatzea eta berriak erostea dagoela modan, eta merkeagoa eta dotoreagoa dela hori egitea jostorratzarekin nahiz hariarekin maniobrak egiten hastea baino. Alferrik da: buruan sartu zait jostea erostea baino ekologikoagoa dela; neure burua justifikatzeko modu bat baino ez da izango (Freuden arrazionalizazioak, badakizu). Askoz hobeto geratzen da ekologista naizela esatea, xuhurkeria hutsez jokatzen dudala onartzea baino. Beste arrazionalizazio horietako bat ere badut prest okasiorako: gauzei kariñoa hartzen diet, eta kostatu egiten zait zakarrontzi baten aurrean betiko adio esatea hain epela eta goxoa izan den galtzerdi bati.

Hobeto geratzen da ekologista naizela esatea, xuhurkeriaz jokatzen dudala onartzea baino

Joan nadin harira. Eta harira ez dakit, baina hari bila, behintzat, abiatu naiz. Aspaldian ireki gabe nuen gure amak jostorratzak, orratzak, botoiak, hariak eta abar gordetzeko erabiltzen zuen kaxa urdina, Danish butter cookies tapa gainean idatzita duena. Hari beltza hartu, eta... ufff, ezin sartu jostorratzaren begian! Mingainarekin hari-punta busti, jostorratz-begiaren alde batera zein bestera behin baino gehiagotan jo, eta, halako batean, argitara mugitu eta hari punta sartzen asmatu dut, baina punta bakarrik; hortik aurrera, ezin, eta atzera egin behar berriz ere. Beste hainbat saiakera ustel egin ondoren baino ez dut lortu hari osoa behar bezala sartzea. Messi gol bat sartutakoan baino pozago jarri naiz!

Lehen urratsa eginda: dagoeneko eskuetan ditut lanerako behar ditudan tresna guztiak. Zulo bedeinkatu hori ixteari ekin diot. Eskerrak oso handia ez den! Sastada bat baino gehiago ere hartu dut eskuko hatzetan, ez bainaiz gauza izan titarea topatzeko (titarea, zein hotz eta lehor ageri den hitz hori idatzian, eta zein doinu goxoa ematen diogun azkoitiarrok ahoz erabiltzen dugun bakanetan). Kito! Gainditu dut azkenean erronka. Nire artelana nola geratu den beste kontu bat da, galtzerdia jantzi eta oinez hasi orduko oinetakoetan hartxintxarrak nituela ematen baitzuen.

Barkatuko didazue, baina okerreko bidetik eraman zaituztet, nahita. Nire erronkak ez zuen zerikusirik hari bat jostorratz baten begian sartu eta galtzerdi baten zuloa konpontzearekin; benetan lortu nahi nuena hori bezalako jardun soil bati buruzko artikulu bat idaztea zen, eta, bide batez, esker handirik gabe hamaika zulo, botoi eta petatxu josi zituzten hainbat emakumeri omenaldi xume bat egitea. Horixe egia berdaderoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide