Ez dakit

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2022ko urr. 27a, 15:26

Joseba Epeldek urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ez dakit'.

Sokrates zen antzinako Greziako gizaki jakintsuena, Delfosko orakuluaren arabera. Paradoxikoki, "ezer ez dakidala besterik ez dakit" izango da ziur asko filosofo horri buruz iritsi zaigun esaldirik sonatuena.

Zalantzarik gabe, asko zekien Sokratesek bere jakinduriaren mugei buruz, gaur egungo DBHko ikasle batek hark baino askoz gehiago jakiteko aukera baitu inguratzen gaituen errealitateko ia edozein arlori buruz. Hori bai, egia eztabaidaezintzat ditugunen aldeko argudioak eskatuz gero, uste baino gutxiagok jakingo lukete azaltzen zergatik den Lurra biribila edota nolatan den eboluzionismoa onartu beharreko teoria eta fixismoa atzerakoien matraka. Ustez dakitenek esandakoan dugun konfiantzan oinarritzen baitira gehienetan gure ziurtasunak, geuk benetan dakigunean bainoago. Beste era batera esanda: gehien-gehienetan nori sinetsi da gure esku dagoen hautu bakarra.

Horregatik, harritu egin nau, alde batetik, azken bizpahiru urte hauetan gure bizimodua hankaz gora jarri duen pandemiaren aurrean zenbaitek izan duen jarrerak. Ematen zuen guztiok Medikuntzako edo Mikrobiologiako katedradun bihurtu ginela bat-batean, eta benetako katedradunak zirela zalantza egiten eta gauzak hain argi ikusten ez zituzten bakarrak. Egia esan, beste alde batetik ez zait hain bitxia ere egin, ezjakintasuna beti izan baita ausarta eta arriskutsua, batez ere behar baino autoestimu eta botere handiagoarekin koktel berean nahasita astindu denean.

Sokratesen ildo beretik, Xabier Rubert de Ventos filosofo katalanak Gauzak argi ez ikustearen garrantzia izenburua jarri zion Zergatik filosofia? liburuaren lehen kapituluari, liburuko kapitulu interesgarriena, nire ustez. Pentsalari horrek dio garai guztietako gizakiok izan dugula inguruko errealitatea ulertzeko beharra, eta behar hori gure antsietatea eta egonezina baretzeko premiatik sortzen dela gehiago jakin-min hutsetik baino. Ez hori bakarrik: erantzunak izateko gose horrek jarrera neurotikoak eta are paranoikoak ere sor omen ditzake, kasualitatea dagoen leku guztietan kausalitatea jartzen saiatzen bagara. Horrenbestez, Rubert de Ventosek defendatzen du gauzak argi ez ikustera eta zalantzan jartzera ausartzean dagoela filosofiaren oinarria, eta zientziarena ere bai, neurri handi batean.

Alabaina, txikitatik jartzen ditugu susmopean zalantzakor ageri diren irakasleak eta helduak. Diskurtso biribilak eta zirrikiturik gabeak (mitikoak, azken batean) dituzten politikariak eta mota guztietako "sermolariak" egiten zaizkigu erakargarrien, eta horiek izaten dituzte sarri jarraitzaile ugarienak eta sutsuenak. Hori gutxi ez, eta karismarik ez dutela leporatu ohi zaie halako dohainik erakusteko gai ez direnei, nahiz eta agian karisma eta biribiltasun hori dagoen gizateriaren historiako intolerantzia, fundamentalismo eta tragedia gehienen oinarrian.

Deserosoa da ziurtasunik gabe ibili behar izatea, eta gutxi du erakargarritik norberarentzat eta ingurukoentzat, baina beharbada horixe da jakin-minak eskatzen duen ordainsaria; nolabaiteko "mina" edo bete ezineko hutsunea, alegia. Izan ere, Adamen eta Ebaren antzera, jakinduriaren fruitu debekatutik jateak geure buruaren biluztasunaz ohartarazten gaitu, edo ezagutzaz janzteko dugun premia etengabe eta aseezinaz. Hori da, behinik behin, nire irudipena, baina litekeena da oker egotea ere. Ez dakit.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide