Hainbat aburu

Egia-osteaz

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Epelde 2022ko urt. 2a, 10:02

Ez nengoen oso seguru: ni bezalakoei bakarrik gertatzen ote zitzaien? Azkoitiarrok xanoak garelako izan zitekeela uste nuen. Baten batekin hitz egitean, solaskideak esandakoa sinesteko joeraz ari naiz, gezurretan ariko dela bururatu ere ez izanaz. Baina ez omen da azkoitiarron eta mundu guztiko xanoon kontua bakarrik: TDT (Truth- Default Theory) teoriaren arabera, norbaitekin hitz egiten hasten garenean, joera orokorra bide da egia esaten ari dela ziurtzat jotzea. Eta, jakina, horrek arriskuan jartzen gaitu ziria sartu nahi digutenen aurrean, eta, aldi berean, adi egotera behartzen gaitu.

Ez dira falta, tamalez, gehienon ahulezia endemikoaz aprobetxatzeko prest daudenak. Zenbait politikarik, esaterako, argi ikusi dute etekin handia atera dezaketela egiaren izenean gezurrak saltzetik. Brexitarekin gertatutakoaren ondoren hasi zen jendea egia-osteaz hitz egiten, etapa berri batean bageunde bezala; garai bateko egiak zereginik ez duen aro berri batean, alegia. Baina praktika hori askoz lehenagotik dator: ez al zuen Goebbels-ek esaten gezur bat behar adina aldiz eta behar bezala errepikatuta egia bihurtzen dela? Ez al zituen Reaganek pelikuletan ikusitako pasadizoak berari benetan gertatu balitzaizkio bezala kontatzen? Azken batean, boterea duenak errealitatea (jendearen buruan dagoena, behinik behin) desitxuratzeko tresnak eta ahalmena izaten ditu, gertatutakotik komeni zaiona aukeratuz edo, besterik gabe, jazotakoa alde batera utziz, hala komeni bazaio; eta boteretsu askori bost axola zaio errealitatea, nahi dutena lortzeko gai badira. Asko dakite horretaz politikarien komunikazio-arduradunek.

Egia-ostearen iritsieraren sorburuan, zenbait adituk Nietzscheren, Foucaulten, post-modernoen, Kuhnen eta beste hainbaten erlatibismoa jartzen dute. Nik dakidala, egia absolutuak edo guztiz zehatzak (Jainko bati legozkiokeenak) jarri dituzte zalantzan pentsalari horiek, egia guztiak, gizatiarrak diren heinean, interpretazio mugatuak direla azpimarratzeko. Baina horrek ez du esan nahi interpretazio guztiak maila berean daudenik, nahiz eta maiz, batzuen arteko muga lauso samarra den. Izan ere, bizimodu praktikoan, ia gehienok jartzen gara ados (testuinguruak testuinguru eta mugak muga) interpretazio egiazkoenak iruzurtienetatik bereiztean. Eta egia-ostea, nire ustez, gezurra eta iruzurra apaintzeko, mozorrotzeko eta dotore erakusteko berriki asmatutako eufemismo engainagarria baino ez da: ez du zerikusirik egia gainditzearekin, ez baita interpretazio edo ñabardura kontua, jakinaren gainean gezurra esatea edo datuak faltsututa erabiltzea baizik. Eta gezurren artean okerrena da, besteak engainatzetik norberarentzat etekina ateratzea baitu helburu, bai eta hartzailea inozotzat edo, txarrenean, ezdeustzat hartzea ere. "Ez dio axola egia nork duen, boterea nork duen baizik, nire gezurrak zure egiak baino gehiago balio baitu", esaten zaigu, inplizituki.

Azken ezaugarri bat egia-ostea esaten dioten horri buruz: esango nuke gure emozioetara eta barne-barnean iltzaturik ditugun aurreiritzietara tiro egiten duela. Hau da, askotan geuk ere ez dakigula barneratuta ditugun uste xenofobo, misogino, matxista, aporofobo, homofobo eta abar astintzen saiatzen dela; izan ere, errazago egiten zaigu gauza batzuk sinestea beste batzuk baino, ez baitaukagu guztia kontrastatzeko baliabiderik eta astirik.

Nor bere ideien eta aurreiritzien jakinaren gainean egotea eta mesfidantza lozorrotik ateratzea, beraz, autodefentsarako estrategiarik onena, ziria sartzen abilenak direnen desinformazioari aurre egitea eguneroko erronka bihurtu den garai honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide