Altxorra bertan

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2024ko ots. 10a, 09:38
Aizkibel liburutegia. (Alex Berasategi)

Ixabel Jauregik urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua da honakoa: 'Altxorra bertan'.

1926. urtearen aurretik eraiki zuten, hiru solairu, ondoan komunak, biltegia eta garraiobide garrantzitsuaren lekuko. Bertan bizi izan ziren herriko hainbat familia; Zubizarreta-Urkidi, horietako bat. 1990eko eraberritze lanen ondoren, hemeroteka, kontsulta zerbitzua, mailegutza eta herriko idazleez osatutako funts oparoa biltzen ditu. Baita ikus-entzunezko ale andana ere: filmak, artea, musika, dokumentalak...

Bi saridun eraikuntza. Munduko hamar liburutegi ederrenen zerrendan dago; hala dio bederen, Alemaniako AD arkitektura, arte eta diseinu aldizkariak. Azkoitikoarekin batera, Finlandiako, Ingalaterrako, Pekingo, Mexikoko zein Alemaniako hainbat liburutegik osatzen dute zerrenda. Eraikinean egindako azken moldaketa arkitektonikoa dela eta, Juan Beldarrain arkitektoak Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Jasangarriaren Sari Nazionala jaso zuen 2007an.

Jose Frantzisko Aizkibel bere garaian euskal liburuak erosten aritu zen, bilduma on bat osatuz. Gero, Gipuzkoako diputazioari laga zion bere liburutegia, eta horrela sortu zen egun Koldo Mitxelena modernoa denaren oinarri bibliografikoa. Alegia, probintzia horretako aurreneko liburutegi publikoa.

Aizkibel bibliografoa eta hiztegigilea zen. Etxean badut ale bat hiru tomotan, berak idatzita utzi zuen obrarik garrantzitsuena: Diccionario Basco-Español titulado Euskeratik Erderara biurtzeko Itztegia (1885) – euskaratik gaztelaniara idatzia dago, eta bertan k, z eta g hizkiak beren gaurko balioarekin erabiltzen dira, lehen aldiz Hegoaldean–. Bere garaian, klase ondaredunaren marka soziala zen gaztelania, eta hori salatzen zuen. Ba horiexek Aizkibelen merituak udal liburutegiak bere izena izateko.

Aizkibelen jaiotzaren bigarren mendeurrenean, Azkoitiko udaletxean, martxoaren 27an, Xabier Munibe Ikastolako bertso eskolakoek Joxemari Iparragirrek Aizkibeli egindako Gora euskara bertsoak kantatu zituzten, eta arrabitaz lagundurik, musika jarri zioten. Une horren lekukotza Gamundi etxe ondoko harrizko idazkuna da, letra larritan Azkoitiko zalduntxoen kimua, bertan dago idatzita sortako lehen bertsoa, zortziko txikia da. Has zaitezkete kantatzen, baina ai! Azken puntuan ustekabea, non...? Hanka sartzea zuzentzeko zoazte udal liburutegira eta lehen solairuko eskailerak igotzean, koadro batean han dago Aizkibelen irudia, musikaren partitura eta letra, eta azken puntua osorik. Idazkuna egin zuen zizelkariari ez ote zioten testu zuzena eman?

Eta ez ahaztu, bazkide egitea dohainik duzu, argazkia eraman eta di-da, altxorraren bitxi guztiak zure esku.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide