Eukalgintzaren gizarte kapitala

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2023ko urr. 21a, 10:00

Ixabel Jauregik urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskalgintzaren gizarte kapitala'.

Udazkena hasi berri dugun honetan, guztia martxan da berriz ere. Baita herriko kirol, aisialdi, gazte, ekologia eta beste hainbat esparrutako taldeak ere. Azkoitian gizarte kapital oparoa dugula baiezta dezaket, eta horretaz harro nago. Aintzat hartzen al dugu? Gizarte kapitalaren definizioa: gizabanakoek zein taldeek beren arteko harreman bereziaren eta beren arteko lankidetzaren ondorioz sor dezaketen onura kolektiboa eta ekonomikoa. Definizioari euskalgintzarena gehituko diot. Azkoitiko erakunde publikoen eta herri ekimenaren arteko osagarritasuna euskalgintzan. Euskara hartuta ardatz. Sortzaileak eta dinamizatzaileak, berriz, ezinbestekoak, nahiz eta maiz ez jabetu herrian ditugunez. Ezkutuko lan isila.

Talde eratuak, langilez eta boluntarioz osatuak, gehienetan euskara nagusi, eta ezin denean, elebitan. Horien artean, AEK euskaltegia, Korrika eta haren mintzalagun proiektua. Erniarraitz bertsozale elkartea, gaztetxo eta helduentzat saioak aurrera eramaten dituena eskoletan ahozkotasuna eta bertsolaritza sustatzeko programaren bidez. Udalarekin lankidetzan, herriko ikasle denek jasotzen dute, hain beharrezko dugun ahozko komunikazioa lantzeko, sormena bultzatzeko, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzeko. Eta batez ere, komunikatzaile onak sortzeko. Euskara Mahaia, Euskara Eguna, noka ikastaroa eta Hike eizan! bertso paper lehiaketaren arduradun eta antolatzaile, udal eta herriko eragile taldeen bidez.

Aizkibel udal liburutegiaren zerbitzua ere kontuan hartzekoa da, mailegu zerbitzuarekin eta funts oparoarekin. Ekintzen artean: liburu truke azoka eta ipuin kontalariak. Bi hilabetean behin Iñigo Aranbarriren gidaritzapean elkartzen den Irakurleen Txokoa aipatzea nahiko nuke, adosten den liburu bati buruzko iritzi trukatzea, parte hartzea bultzatzen baita. Keinu bat egin nahi nioke Bizenta Mogel elkarteari –33 urteko ibilbidea itxi du– herrian hitzaldiak eta txangoak antolatzen ibiltzeagatik.

Amaitzeko, zer egingo genuke Maxixatzen euskara elkarteak sortzen duen euskalgintzaren gizarte kapitalik gabe? 2020an, Idoia Alberdik Maxixatzen aldizkari berrian Soineko berria iritzi artikulua idatzi zuen. Aurreko hilabeteetan eskualdeko hainbat komunikabiderekin lankidetzan jardun ondoren, Urolako Komunikazio Taldea sortu zutela aipatzen zuen. Hiru urteren ondoren, GUKA sortu dute, UKT multimedia. Bertan daude: Uztarria, Baleike, Maxixatzen, Karkara, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Guka, Erlo telebista. Bada hor gure hizkuntza normalizatzeko sarea, lankidetzak ekarriko du onura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide