Gertu nahi banauzu

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2021ko eka. 5a, 08:30

Ixabel Jauregik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Gertu nahi banauzu'.

Entzule nahi zaitudan adiskide kuttun: 1982ko azaroaren 11n jaio nintzen, Donostiako Andia kalean. Agian, ezagutzen nauzu, baina zurekin inoiz baino gertuago izan nahian, lerro hauek idaztera ausartu naiz.

Gaurkotasunez bizi dugun garai honetan, beharbada goibel, etsita, bakarrik, zoriontsu, baikor, herriminez, maiteminduta... aurkitzen zaren horri zuzentzen naiz. Euskara hutsean, inoiz baino gertuago sentitu nahi zaitut.

Musikarekin ase nahi zaitut, horretarako askotariko aukera eskainiz, euskal kantak nahiz mundu guztikoak.

Zer garrantzitsua den hizkuntza bat mugitzen den hitzekin jolas egiteko gurpil soro eta erakargarria: olerkien bidez, bertsoen trinkotasunez, trebetasunez, gaiari ertz guztietatik helduz.

Kirola jarraitzea, praktikatzea gustuko duzula pentsatzen dut; horretan aldian egongo zara nirekin bat eginez gero.

Mundua eta bizitza ulertzeko tresna egokiak eskaintzen dizkigu zientziak eta sail hori ere zure esku jartzen dut: klima aldaketa, berrikuntzak, ikerketak, trantsizio ekologikoa... nabarmenduz.

Orduero, egunerokotasunari buruzko informazio tantak kontu handiz prestatzen ditut, baita ikuspegi askotako iritziak bildu ere.

Zutabegileak jarraitzeko joera baduzu, buru argidunen gai desberdinekiko zerrenda ez da motza, haiek adi-adi jarriko zaituzte.

Eta ez pentsatu zutaz ahanzten naizenik; zuk parte hartzeko, zure bizipenak kontatzeko, amuak botako dizkizut, nire lantalde oparoan zure presentzia ezinbestekoa zaidalako. Zu gabe ez nintzateke ezer eta.

Irakurzalea bazara, maiz idazleen eta irakurleen erakusleiho ederra nauzu.

Osasunarekin arduratsua naiz, eta astero pare bat kide aritzen dira gaiaz hizketan eta koltsultak erantzuten. Nola ez, baita aldareetan egotea merezi duten nekazariak, txorien bitxitasunez aritzen direnak edota euskal kulturaren transmisioaz kitzigarri jarduten dutenak ere.

Sortzaileak ere maite ditut: margolariak, musikariak, argazkilariak, zinemagileak, antzezleak... Haiek ere ezagutaraziko dizkizut.

Inoiz baino gertuago sentitu nahi zaitut, 365 egunetan, 87,7 dialean, horretarako lantalde profesionala zure esku jarriko dut , konpainia egiteko prest nauzu, etxeko lanetan, etxez kanpo, naturan, kotxean, ... ordu txikitan, lo hartzen ere lagun zaitzaket.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide