Gora begira

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2024ko urt. 31a, 11:07

Irene Elortzak urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Gora begira'.

Hilabete daramat gora begira lo egiten. Zeinek esan behar zidan kapaza nintzenik? Gerriko minez esnatzen naiz batzuetan, baina, oro har, ondo lo egiten dut. Amaren etxera bueltatu izanak ere zerikusia izan dezake lo seko egiteko gaitasun honetan. Lokartu aurretik bere musu gozoa jasotzeak ere izango du eraginik nire patxadan. Oso zaila den arren etzanda hartzen ditudan pilulek eta ur tragoxkak ere laguntzen didate lokartzen.

Ospitalean garatu nuen ahoz gora lo egiteko abilidadea. Ohe artikulatuari esker mugimendu apur bat irabazi nuen aurreneko egunetan, baina aurpegia gora pasatzen nuen ia egun osoa. Tripaz gora bizi nintzela, erizainen eta medikuaren zaintzaz gozatu nuen. Gozatu, diot, zeren beraien lana primerako profesionaltasunez betetzeaz gain, arreta, maitasun eta samurtasun sendagarriak eskaini zizkidaten une oro. Etzanda nengoela, minduta eta zaurgarri sentitzen nintzela, nire gorputza garbitu zuen erizainaren leuntasuna ez zait berehala ahaztuko.

Sabaiari begira esnatzen nintzenean umoreko agurtzen ninduen gelakide maitagarriak eramangarriago egin zituen egun haiek. "Egun on! Zer moduz zaude gaur?", galdetzen genion elkarri, eta aurrean genuen egunari aldarte onean ekiten genion. Bata eta bestearen familia eta lagunen bisitek mina ahazten laguntzen zidaten, ez morfina bezainbeste, baina bai droga sintetikoek ematen ez duten berotasun hunkigarriaz.

Osasun langileak zera esan zidan: "Negar egitea ondo dator horrelakoetan"

Filmetan klasiko bihurtu den irudia neure begiez ikusi ahal izan nuen ospitaleko korridoreetatik ohatilan etzanda gora begira nindoala. Irribarrea atera zitzaidan, ez dakit klixeak eraginda ala analgesikoen erruz. Agian, bizirik nengoelako ari nintzen irri egiten. I’m alive (Bizirik nago). Abesti horixe etorri zitzaidan burura istripuaren lekuan bertan ahoz gorako posizioan anbulantziaren zain nengoela. Munduko kanta guztietatik, inoiz gustatu ez zaidan horixe!

Errepidean esku-ohearekin anbulantzian sartu nindutenean Gazaz gogoratu nintzen. Nik banekien heriotza ez zela zerutik eroriko, ondo zainduta nengoela, handik ospitalera eramango nindutela eta nire familia ingurura etorriko zela, bizirik eta ondo zeudelako. Orduan, osasun langileak zera esan zidan: "Negar egitea ondo dator horrelakoetan". Hitzok entzun orduko negarrez hasi nintzen, eta malkoak begi ertzetatik belarrietara irristatzen joan ziren ibaitik itsasoraino bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide