Bare-bare

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Elezgarai 2022ko ira. 2a, 15:09

Imanol Elezgaraik Maxixatzenen abuztuko alerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Bare-bare.

Nire artikulua idazterakoan gehientsuetan kontatu nahi dudana hitzon mugetan sartzeko lan dezente izan ohi badut ere, uda partean tokatzen zaidan iritzi artikulua izan ohi da zailena. Betiere buruan bueltaka dudan gairen bati buruz idatzi nahi, eta burua ere oporretara joan izan balitz bezala, gai hori aurkitu ezin.

Ez dago pizten nauen albisterik COVID-19aren osteko (sic.) udan; gerra baten erdian; gasolinaren prezioa bikoiztuta dagoenean; inflazioa mundu mailako gatazka handienen garaietan lez, bi zifretan egonik; argia eta gasaren kostua, berriz, atzokoa baino handiagoa, biharkoa baino txikiagoa. Agintarien neurriak, berriz: gaur, 20 zentimo behera; etzi, 30 gora. Eta egia esateko, beldur naiz ez ote garen honetara ere ohitu. Conilera oporraldia dezentez garestiagoa aterako zaigu aurten, baina itsasertzean garagardo bat eskuan kexu egin eta check. "Zer egingo diogu ba guk?", sentsazio etengabean. Bulegok kantatzen duen modura, "egia esan, aspaldian, bare-bare dago dena; urteak pasa diren arren hau betirako da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide