Metal hotsak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz 2015ko api. 13a, 10:37

Azkoitian oso ezagun dugu metala. Urte asko daramatzagu gure herrian metalezko materialak lantzen, eta azkoitiar askoren ogibideek dute metala ardatz. Betidanik entzun izan ohi dut, Azpeitian egurra lantzen izan direla iaioak eta Azkoitian aldiz burnia. Alpargata eta txapelgintzaren garai onenetatik aurrera behintzat metala izan dugu nagusi. Burnia, altzairua, latoia, aluminioa, brontzea… lehengai gisa landu, berauek lantzeko makinak egin eta ezagutzen diren era guztietara itxuraldatzen ditugu.

 

Metalen propietate asko ezagunak ditugu, baina ez naiz ari ezaugarri mekanikoez soilik. Metalaren usaina ere ezagutzen dugu. Noiz edo noiz denok nabaritu dugu metal usaina Azkoitiko leku askotatik pasatzean. Eta behin baino gehiagotan entzun dut beste hainbatek entzungo zutena: Eneee hori da taller usexe dakartzuna, kendu erropak eta segi dutxa.

Dastatu ere dastatu daiteke metala Azkoitian, metal ure datorren iturriren batetik.

Ikusi ere bai. Eta entzun ere bai noski. Azkoitian ezagunak ditugu metalak mekanizatzean, kolpatzean edo moldeatzean ateratzen dituen zarata desatseginak. Gogoan dut Zubillagan labea zegoenean, txatarra funditzerakoan sortzen zen zarata ikaragarria.

Baina metalek soinu oso atseginak ere sor ditzekete. Metalezko instrumentuez ari natzaizue. Tronpeta, tronboia, tronpa, tuba, fliskornoa, bonbardinoa, etab. Soinu desatseginetatik soberan baldin bagabiltza, soinu atseginetatik eskas gabiltza gure herrian.  Metalezko instrumentu bat jotzen duten herritar guztiak kontatuta ere, eskuetako hamar behatzetatik batzuk sobratuko litzaizkidakeela uste dut. Eta Azkoitiko biztanle kopurua ikusita, portzentaia oso txikia dela deritzot. Beste herri batzuekin alderatuz bai behintzat.

Ez dakit zergaitia. Agian ez dugu gaztetxoenei instrumentu zoragarri horiek zeinen ederrak diren erakusten jakin izan. Ez baitut zalantza izpirik ez dela gustatzen ez diren instrumentuak direlako. Musika estilo ia guztietan daude (Jazz, Rock, Reggae, Blues, Klasikoa, Ska, Funky…), eta edozein talde motatan jotzeko aukera eskeintzen dute. Orkesta, banda, txaranga, elektrotxaranga, eta, nola ez, lehen aipaturiko edozein estilotako taldeetan ikus ditzakegu.

Azkenaldian egin dira eta etokizunean ere egingo dira ekintzak instrumentu horiek ezagutarazteko. Gutxienez, instrumentu bat ikastekotan direnek, beren aukeraketa egin aurretik ikus eta entzun ditzaten. Guraso zaretenok ere lagun zenezakete ezagupen lan horretan, zeuen seme-alabei “youtuben” dagoen material guztiaren apur bat erakutsiz adibidez.

Musika eta musika instrumentuetara hurbiltzeko gonbidapen bat luzatzen dizuet, musikak berarekin dakartzan onurez gozatzeko eta gozarazteko.

Etorkizunean ere Azkoitian “metal hotsak” entzuten jarrai dezagun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide