Errigoraren aurtengo kanpainak Nafarroako ekoizleak "indartuko" ditu

Hainbat produktu dagoeneko amaitu badira ere, martxoaren 24ra arte dago aukera eskaera egiteko.

Errigorak hilaren 4an abiatu zuen Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren aurtengo aldia, eta antolatzaileek aste honetan Iruñean eginiko agerraldian jakinarazi zuten "gainditu" egin direla eskaeren aurreikuspenak. Hainbat produktu amaitu egin dira, besteak beste, potxa ekologikoak eta pikillo piperrak, baina herritarrek oraindik eskaerak egin ditzakete martxoaren 24ra arte.

"Ezin izan dugu ase hainbat produkturen eskaria, baina ez da albiste txarra: gaur eskaera indartuz gero, bihar produktuon ekoizpena indartzeko pausoak emateko moduan izango gara".

Errigorako eskutik eskura kanpainan oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eska daitezke, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta herrian bertan jaso. Eskaerak Errigorako webgunean eta telefonoz (848-87 12 23) egin behar dira. Banaketa, berriz, Azkoitiko Berdura Plazako lokalean egingo da, apirilaren 21ean; goizez, 11:30etik 13:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 19:30era.

Ez utzi azken ordurako, eta egin zure eskaera!

Prentsaurrekoaren inguruko informazio gehiago Berrian edo Hamaika telebistan.