Ana Azkoitia alkateak "joko garbia" eskatu dio EH Bilduri

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2023ko urr. 27a, 11:53

Ana Azkoitia alkateak udal osoaren ohiko bilkura aprobetxatu du EH Bilduri "joko garbia" eskatzeko, "udalak egina zuen hileta eta omenaldi zibilen inguruko ordenantza zirriborroa koalizioak bere egitea" leporatu ostean.

"EH Bildu -esan du Ana Azkoitiak- udalak egina zuen ordenantza proposamenaz jabetu da, herritarrei proposamen propio gisa saltzeko. Aurreko agintaldian, EAJ eta PSE-EE agintean zeudela aztertu genuen hileta zibilak egiteko espazioak baimentzeko aukera. Beste udalerri batzuetako funtzionamendua ere ikusi genuen, eta oposizioari igorri zitzaion landutako ordenantza zirriborroa, ekarpenak egin zitzan". Udal gobernuak ez zuen ekarpenik jaso. Ordutik EH Bilduk ez du gaia ahotara ekarri, Azkoitiaren arabera, "ezta ordenantza indarrean sartzeko insistitu ere", irailaren 28ra arte. "Egun hartan, batzorde batean atera zuen gaia, eta nik neuk azaldu nuen beilatokiko instalazioak ere kontuan hartu beharko genituzkeela beste gune batzuekin batera, nabarmendu du Akoitiak.

Alkatearen hitzetan, "egia da ordenantza onartzea falta dela, baina aurrerapausorik ez dugula eman gezurra da".

Horren aurrean, EH Bilduri eskatu dio "oposizio zintzoa egiteko, gezurrik gabe, eta besteen lana itzalperatzeko grinik gabe". Zera erantsi du: "Espero dut EH Bilduk barrura begira lan egiteko borondatea izatea, eta ez bakarrik kanpora begira".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide