EAJk gutxiengoan gobernatuko du datozen lau urteetan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2023ko eka. 29a, 11:17

EAJk Tokiko Udal Gobernu Batzarrean alderdi guztiei eman die ordezkaritza eta bozka, eta liberazioak ere oposizioko talde guztiei proposatu zaizkie. Azkoitia Bai herri plataformari aparteko delegazioa eman zaio. Ingurumen Mahaiaz, Aurrekontu parte-hartzaileez, eta San Jose egoitzaz arduratuko da onartzen badu.

Ana Azkoitiak alkatetza ekainaren 17an hartu zuen, eta hilaren 21ean bildu zen gainerako alderdiekin udal berriaren antolaketa adosteko. Ordutik alderdien arteko hartu-emanak etengabeak izan dira, eta jada negoziaketa epea gainditutzat eman du EAJk. Gutxiengo gobernua osatuko dute jeltzaleek. Gauzak ondo bidean, astelehenean bertan egingo da agintaldiko lehenengo osoko bilkura. Bertan Tokiko Udal Gobernu Batzarreko kideen, Alkateordeen eta  batzordeburuen eta sailetako arduradun politikoen izendapenen berri emango da. Udalaren menpeko erakundeen osaketak, ordainsariak edota udal antolaketaren ildo nagusien proposamena egin du alkateak eta bilkura horretan bozkatuko dira, besteak beste.

Ana Azkoitiaren hitzetan, "azken egun hauetan eskuzabaltasunez jokatu dugu. Gure nahia lauko gobernua osatzea zen, baina ezinezkoa izan da".

Hala eta guztiz, elkarlana aldarrikatu du EAJren ordezkariak. "Akordioen agintaldia izango zela aurreratu nuen, eta halaxe izango da. Gauzak aurrera atera nahi baditugu batzuekin eta besteekin adostu beharko ditugu. Seguru nago aberasgarria izango dela guztiontzat".

Azken egun hauetako nondik-norakoei buruz, Ana Azkoitiak esan du proposamen bat aurkeztu zietela beste alderdiei. "Azkenean, gutxiengo gobernuaren aldeko apustua egitea erabaki dugu. EH Bilduk hasieratik garbi utzi zigun ez zela gobernuan sartuko, baina gure arteko elkarrizketak bide onetik joan dira. Hasieratik gauzak garbi utzi dizkigute, eta hori ere eskertzen da".

Azkoitia Bai herri plataformari dagokionez, Ana Azkoitiak azaldu du azkenean,  biko gobernua osatzeko eskaintza egin diola EAJri, "baina jarritako baldintzak onartezinak" direla. EAJk inbestidura ekitaldia egin aurretik, Ingurumen eta Gizarte Zerbitzuen sailak eskaini zizkion Azkoitia Bairi eta EAJk mantendu egin du proposamen hori. "Azkoitia Baik, oposizioan egon arren, hiru lan-esparru hartuko ditu bere gain, hala nahi badu: Ingurumen Mahaiaren kudeaketa, San Jose egoitza eta aurrekontu parte-hartzaileen antolaketa".

Tokiko Udal Gobernu Batzarra

Egoera ikusita, EAJk bakarrik osatuko duen arren datozen lau urteetako udal gobernua, alderdi guztiei zabaldu dizkie Tokiko Gobernu Batzarreko ateak beste alderdiekin hartutako konpromisoaren arabera. "Gure erabakia izan da Tokiko Gobernu Batzarrean alderdi guztiek  izatea ahotsa eta bozka". EAJk hiru ordezkari izango ditu bertan, eta bana gainontzeko beste alderdiek.

EAJren proposamenaren arabera, batzordeetan hiruna ordezkari izango dituzte EAJk eta EH Bilduk, bi Azkoitia Baik, eta bat PSE-EEk.

Halaber, oposizioko alderdi guztiei proposatu zaizkie liberazioak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide