EAJk akordiorako oinarri sendoak ikusten ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2023ko eka. 14a, 16:34

EAJren alkategaiak, Ana Azkoitiak, agerraldia egin du gaur goizean taldekideekin maiatzaren 28ko hauteskundeen harira, egun hauetan alderdien artean zabaldutako  prozesuaren berri emateko. Horra Ana Azkoitiak esandakoa: 

"Dakizuenez maiatzaren 28ko hauteskundeen ondorioz sortutako testuinguruak aukera bat baino gehiago ematen ditu hurrengo agintaldirako udal gobernua eta udala eratzeari begira.

Udal eta Foru hauteskundeetako emaitzak ikusi orduko EAJk esan zuen 2023-2027 agintaldia adostasunen eta akordioen agintaldia izango dela, eta horri helduko diogu guk.

Azken egun hauetan EAJk ez du adierazpen publikorik egin, uste dugulako akordio prozesuek diskrezio bat merezi dutela, eta lehenengo bileran bertan proposatu genuen alderdi guztiok ohar bateratua kaleratzea, baina azkenean bakoitza bere aldetik joan da.

Bi bilera egin ditugu lau alderdiok batera. Ekainaren 1ean eta ekainaren 8an. Bilera horien ostean, uste dugu herritarrekin partekatzea dagokigula guk mahai gainean jarritako proposamenak.

Maiatzaren 28ko hauteskundeetan, lehen indarra izan arren, EAJk beherakada izan du aurreko hauteskundeekin konparatuta. Horrek hausnarketara eraman gaitu, eta baita autokritika egitera ere. Abstentzioak eragina izan du, noski, eta izan dira lehen EAJri bozkatu arren, oraingoan beste hautu bat egin dutenak ere. Horrek EAJrekiko nahigabe bat agerian utzi du.

Ikusita alderdi guztion emaitzak, hasieran esan dudan bezala, giltza akordioetan dago. Horrekin esan nahi dut akordio zabalen eta irekien alde egin dugula hasieratik, eta eskuzabaltasunez aztertu dugula arduren banaketa, alderdi guztiok izan dezagun hurrengo agintaldian hitza, ikusgarritasuna eta erabakitzeko ahalmena. Hitza, protagonismo eta erabakigarritasuna. Guk alderdi guztiei hiru esparru horiek bermatzeko proposamena landu eta mahaigaineratu diegu.

Emaitzak ikusita, EAJren borondatea, eta horrela helarazi die gainerako hiru alderdiei, lau alderdion arteko Udal Gobernua osatzea izan da. Ahalik eta akordio eskuzabalena da proposatu duguna. Gure aldetik eskatu dena, Alkatetza zerrenda bozkatuenak izan dezala errespetatzea da.

EAJk zazpi zinegotzi lortu ditu. 2003 boto jaso ditu. Zerrenda bozkatuena izan da. Ekainaren 1ean bildu ginen lau alderdiok lehen aldiz.

Lehenengo bilerara EAJk lauko gobernu bat eratzeko planteamenduaren nondik norakoak nahikoa definitua  eraman zituen. Azkoitia Bai Elkarrekin ere lau alderdiren arteko akordioaren alde agertu zen.

Ekainaren 6an, EH Bilduk EAJri jakinarazi zion lauko gobernuan ez dutela parte hartuko eta lauren arteko akordioarekin ez dutela bat egiten, eta Azkoitia Bairekin akordio programatiko bat lotzen saiatuko direla.

Ekainaren 8an bildu ginen berriro lau alderdiok. Atzo EAJ eta Azkoitia Bai Elkarrekin bildu ginen, eta nola ez, alderdi sozialistarekin ere izan ditugu harremanak egun hauetan.

Tarte horretan, lau alderdion programetan amankomunean ditugun proiektuen eta desadostasunen azterketa ere egin dugu, eta akordio programatiko bat guztiz bideragarria dela ikusten dugu.  

Emaitzei begiratuta, EAJ-k eta EH Bilduk zinegotzi bana galdu dugu Azkoitia Bai Elkarrekinen alde, eta PSE-EEk, bat mantendu.

Gure irakurketaren arabera, Azkoitia Bai-k bi gaietan hartu du lidergoa. Bi gai horien leloak dira: Eolikorik ez eta Egoitza Kalera. Bi helburu horiek bere egin ditu, eta uste dugu hauteskundeetan izan duen gorakada bi gai horiengatik izan dela.

Ondorioz, atzoko EAJren eta Azkoitia Bai Elkarrekinen arteko bileran, proposamenak trukatu genituen eta oinarri sendoak ikusten ditugu akordiorako. Prest gaude elkarrekin bide hori jorratzeko. Argi daukagu agintaldi honetan hitz egiten eta adostasunak bilatzen jarraitu beharko dugula, eta hor esperantzarako badugu arrazoirik:

  • Programa: adosteko prest, batzen gaituzten proiektuekin aurrera eginez.
  • Aurrekontu parte hartzaileak: adosteko prest.
  • Azkoitia Bai Elkarrekini Gizarte Zerbitzuak eta Ingurumen sailak eskainiko genizkioke, gai horietan herritarren gehiengoak nahi duen aterabidea emanez.

Gure aldetik Azkoita Bai Elkarrekini egindako proposamena da:

EAJk Azkoitia Bai Elkarrekini egindako akordio proposamen:

  1. Lauko gobernua eratzearekin aurrera jarraitzen dugu.
  2. Alkatetza: zerrenda bozkatuena errespetatu
  3. Liberazioak eta soldatak: adosteko prest
  4. Batzordeak: bost batzordeko antolamendua
  5. Batzorde osaketa eta udal ordezkaritza beste udal organoetan. Adosteko prest.
  6. Programa: Batzen gaituzten proiektuekin aurrera egin.
  7. Azkoitia Bai Elkarrekini Gizarte Zerbitzuak eta Ingurumen sailak eskaini

Horixe da EAJk Azkoitia Bai Elkarrekin-i egindako akordio proposamena, eta beste alderdietara zabaldu daitekeena.

Beste alderdiei dagokienez, EH Bildurekin ez gara ardurak lantzeraino iritsi, lehenengo bilera egin eta berehala azaldu zigutelako, ez zirela lauko gobernu batean sartuko. Hala ere, garaiz gaude, eta guk azken unera arte, lau alderdion baturaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu.

Azken agintaldian EAJk eta PSE-EE alderdiarekin osatu du udal gobernua, eta orain ere, azken unera arte defendatuko dugun gobernu ireki horretan, PSE-EEak bat egitea nahiko genuke.

Hauteskunde programak konparatzen baditugu, aurrez esan bezala, bat egiten dugu hainbat eta hainbat proiektutan. Denok ados gaude Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzen jarraitzearekin, skate parka egitearekin, azoka plaza berritu eta indartzearekin, komunitate energetikoak sortzearekin, arau subsidiarioak aldatzearekin, aparkalekuen arazoari heltzearekin, igerilekua handitzeko saiakera egitearekin, e.a.

Beraz, guk esaten duguna da, bat egiten dugun proiektu horiek atera ditzagun aurrera elkarrekin, eta bat egiten ez dugun horietan, saia gaitezen adostasunak lortzen lidergoak banatuta.

Alderdi guztiok dugu erantzukizuna herriaren aurrean. Guztiok. Ezin ditugu lau urte galdu, ez garelako gai izan gobernu sendoa eratzeko.

Saiatu gara maiatzaren 28ko emaitzetara egokitutako planteamendua mahai gainean jartzen. Berriro errepikatuko dut alderdi guztiok hitza, ikusgarritasuna eta erabakigarritasuna izango dugun akordio proposamena da gurea.

Inor itzalpean utziko ez duena, eta inork inor zapalduko ez duena; hauteskunde emaitzekiko egokitua, eta beraz, herriaren borondatea errespetatzen duen akordioa.

Guk larunbateko inbestidura ekitaldira arte gobernu ireki baten aldeko saiakera egiten jarraituko dugu, EAJ alkatetzan dela.

Herri hau aurrera ateratzen jarraitu nahi badugu hurrengo urteetan, akordioen eta adostasunen agintaldia izango da.

Eskerrik asko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide