Sarean saretuta

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Elduaien Soraluze 2021ko abe. 5a, 09:30

Andoni Elduaienek azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Sarean saretuta'.

J o du gaur ere iratzargailuak, eta gogo handirik gabe, baina zabaldu ditugu begiak. Ez dakit zein izan ohi den zuen eguneko lehen eginkizuna, baina nirea eskuko telefonoko iratzargailua desaktibatzea eta zer ordu den begiratzea izan ohi da, ohean beste minututxo batzuk egoteko aukerarik ba al dudan jakiteko. Telefonoa da goizean erabiltzen dudan lehen tresna eta oheratu arte ez naiz berarengandik aldentzen. Zorionez zein zoritxarrez, ezinbesteko elementua bihurtu dira sakeleko telefonoak gure bizitzetan.

Aurrekoan teknologien munduan lan egiten duen pertsona bat elkarrizketatzeko aukera izan nuen, eta hark zioen sakelekoak ziurrenik desagertu egingo zirela urte gutxi barru. Zur eta lur gelditu nintzen hura entzutean, baina hotzean pentsatzean ondorioztatu nuen eskuko telefonoa bai, desager daitekeela, baina ez teknologia. Gaur egun, iraganean ezinezkoa ziruditen gauzak egiteko gai gara: bideo-deiak egin, ahots mezuak bidali, zure argazki bat beste norbaiti bidali... Eta nork daki zer egitera iritsiko garen etorkizunean teknologiaren bitartez.

"Zorionez zein zoritxarrez, ezinbesteko elementua bihurtu da mugikorra"

Ez diot aurrea hartu nahi iristear dagoenari, baina, gaur egun, munduko biztanleen ehuneko handi batek du mugikor bat patrikan. Datuen arabera, batez beste, egunean 150 aldiz begiratzen diogu telefonoari. Zenbat minutu xahutzen ditugu, askotan alferrik, telefonoari begira? Ez da aspaldiko kontua, baina datu horien berri izan nuenetik, aitortu behar dut sakelekoa gutxiago erabiltzeko ahaleginetan nabilela.

Halere, ez da inolaz ere egiteko erraza; izan ere, zertarako erabiltzen dugu telefonoa gure egunerokoan? Erantzuna edozertarako da: iratzargailua aktibatzeko nahiz desaktibatzeko, ordua kontsultatzeko, edozein jolasetan parte hartzeko, bidaiatzeko, musika entzuteko, sare sozialen bidez lagunekin solasteko, prentsa zein liburuak irakurtzeko, zertarako behar ditugun ez jakin arren argazkiak eta bideoak egiteko, ordainketak egiteko, telebista ikusteko... Zerrenda ikaragarri luza nezakeen, egun ia guztia egin daiteke-eta eskuko telefonoarekin. Urte gutxi barru hori guztia eta gehiago egiteko aukera emango du teknologiak, hala nola etxean egon gabe etxeko lanak egiteko.

Egiteko guztiak sakeleko telefonora ari gara bideratzen; hobeto esanda, dagoeneko bideratu ditugu, eta ez dakit horrek zenbateraino mesedea egingo digun. Erraztasuna eta azkartasuna, teknologiari begiratuta behintzat, uztarri berean lotzen diren bi hitz dira. Ez gara ohartzen, ordea, telefonoarekin gauzak segundo batean eginagatik, presaka bizi garela egungo gizartean. Lehen ez al ginen lasaiago bizi? Teknologiaren saretik atera ezinda gaude, bere ertzen eta arriskuen artean harrapatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide