Joseba Larrañagaren eta Iñaki Arakistainen hitzaldiarekin amaitu dira Mendi Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna mendi bazkuna 2024ko api. 26a, 10:36
Joseba Larrañagaren eta Iñaki Arakistainen saioa, asteartean. (Anaitasuna MB)

Bi azkoitiarrek munduan zehar egindako eskaladen bizipenak kontatu zituzten, 70 herritarren aurrean. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete herritarrei, "jende ugari" joan delako saioetara.

Asteartean amaitu ziren Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako 2024ko Mendi Jardunaldiak. Joseba Larrañagaren eta Iñaki Arakistainen emanaldia izan zen, eta 70 bat lagun gerturatu ziren bertara. Munduan zehar egindako eskaladen inguruan aritu ziren biak, eta irudi ederrak ikusteko aukera izan zuten gerturatu zirenek.
 
Jende ugari hurbildu da Mendi Jardunaldietako emanaldietara, eta hori eskertu nahi du Anaitasuna mendi bazkunak. Mendi Tour-ekin hasi zituzten jardunaldiak, gero Igone Mariezkurrenaren emanaldia izan zen, eta aldi berean, haren erakusketa ere ikusgai egon zen Portaleburun. Jarraian, Aymar Navarroren emanaldia etorri zen, eta Elkarguneko Herriko Plaza aretoa bete zuen freeriderrak. Azkenik, aste honetan bi herritarren eskutik eskaladaren inguruko emanaldi ederrarekin amaitu dute egitasmoa.

Kakuteko Eguna izango da hurrengo hitzordua, urtero bezala, maiatzeko lehendabiziko igandean ospatuko baita. Taldeak laster emango du informazio gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide