Hiltzailea errugabe

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2021ko aza. 29a, 16:26

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpen berria: 'Hiltzailea errugabe'.

"Mehatxatuta sentitu nintzen", esan zuen 18 urteko Kyle Rittenhousek orain gutxi egin zioten epaiketan. AEBetan, Wisconsingo Kenoshan, poliziaren ardurapean Jacob Blake herritar beltza hil ondoren, ibilaldiak eta protestak egiten ari ziren beltzen bizitzaren balioa aldarrikatzeko: Black Lives Matter.

Rittenhouse zuria da, errepublikarra eta arrazista, eta, AR-15 errifle erdiautomatiko bat hartuta, mehatxatuta sentitu zen. Illinoisetik irten zen, hiru orduko bidaia egin zuen Kenoshara, eta protestaldi batekin topo egin zuen han. Tiro egin zuen manifestarien aurka, “bidezko defentsan”, mehatxatuta sentitu baitzen. Bi lagun hil zituen, eta beste bat zauritu.

Hark bezala, bere gobernuak ere gerra prebentiboa aplikatzen du mehatxatua sentitzen denean, nahiz eta bere burua defendatzeko beste herrialde batera bidaiatu behar izan. Horixe bera egin zuen Rittenhousek ere, bere burua defendatzeko beste estatu batera joan zen. AEBko Justiziak absolbitu egin du leporatzen zizkioten bost karguetatik. Aske da  orain besteen eskubideekin mehatxatuta sentitzen jarraitzeko, AR-15a berriro hartzeko eta zigorrik gabe bere burua defendatzeko.

Justiziarik gabeko krimena estaltzen duen zigorgabetasuna horrelakoa da, biktimagileak badaki berdin jokatzen jarrai dezakeela, eta biktimek badakite ezarriko dieten justizia bakarra hiltzaile horiek eragindakoa izango dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide