Baita hitza ere

Erabiltzailearen aurpegia Amamaren kutxa 2021ko ira. 24a, 13:00

Koldo Campos Sagasetak eta Aitor Arruti Rezabalek Amamaren Kutxan egindako ekarpena: Baita hitza ere.

Baketsuak jaiotzean ere ez nuen negarrik egin, hain baitzen baketsua. Eta hazi egin zen, soseguz, inori inoiz arazorik eman gabe.

Eskola patxadakoan bakezalea izatearen abantailak berretsi zituen, beti eskainiz beste masaila, beste eskua, beste begia, harik eta mantxu, itsu eta masailik gabe, etxera lasai itzultzen zen arte, familiakoen kexuak eta maldizioak samurki entzuteko.

Lanean abusuak jasaten eta gehiegikeriak onartzen jakin zuen, eraso guztiak adeitsu eta irribarre onenarekin pairatuta. Ezerk ez zuen kikiltzen, eta, irainak gorabehera, erantzun egiten zuen helaraziz beste irribarrea, beste belarria, beste oina, harik eta masailik gabe, besamotz, itsu, ernegatuta, gor eta herren, gauero egokituko zitzaion amesgaiztoan murgiltzen zen, betiere edozer barkatu ahal zuen bihotz sosegatu otzana aurkeztuz.

Halako batean, masailak, eskuak, begiak, irribarreak, belarriak eta oinak ez ezik, bularra eta bizkarra ere galdu zituen, baina orduan ere ez zuen inolako keinu txarrik izan.

Gerora, zahartu zenean, hitza besterik ez zeukan garaian, egun malapartatu batez ispilu aurrean zegoela, deiadar luzatu batek egin zion ihes: kaka zaharra! Orduan, sumindu egin ziren etxekoak, maisua, apaiza, ugazaba, eta aurpegiratu zioten nola zitekeen halako intolerantzia arriskutsua, eramanezin gaitzesgarria. Hitza ere galdu baino lehentxeago gertatu zen hori.

Koldo Campos Sagaseta

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide