Gero-gerokoak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2021ko aza. 17a, 09:52

Aitziber Arzallusek urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Gero-gerokoak'.

Besteren ahotan ibiltzea ez zaigu inori gustatzen, baina gurea bezalako herri batean, lehenago edo geroago, denoi tokatzen zaigu. Batzuei asko eragiten diete besteen esamesek, edozertarako ausardia galtzeraino. Baina badira komentarioei jaramonik egin gabe, gogoak emandakoa egiten badakitenak. Horretan eredu dira Maria Angeles, Maria Jesus eta Maria Consuelo Domenech ahizpak.

Orain dela egun batzuk ezagutu nituen, ale honetako Akordatzen? ataleko erreportajea lantzen ari nintzenean. Beren etxera gonbidatu ninduten, eta harrituta utzi ninduten. Gaztetako gorabeherak kontatzen jardun zitzaizkidan, orain dela 50 bat urteko kontuak, haiek 30 bat urte zituztenekoak. Beste garai batzuk ziren haiek: frankismoa puri-purian zegoen eta euskaraz hitz egitea debekatuta; herritarrak sinestunak ziren, eta Elizak esandako guztiari amen egiten zioten; emazte, ama eta etxekoandre izateko betebeharra zuten emakumeek, baina eskubiderik apenas... Domenech ahizpek, ordea, ezarritako arau haien interpretazio librea egiten zuten; eta gainera, gurasoen babesa zeukaten.

Familiagatik galdetu nien. Hamar anai-arreba zirela erantzun zidaten, eta gaur egun lau bizi direla. Beste datu bat ere eman zidaten: anai-arreba guztietatik bakarra ezkondu zela. Atentzioa eman zidan horrek, garai hartan ohikoena gazte ezkondu eta seme-alaba mordo bat munduratzea baitzen. Amak sekula ez omen zituen ezkontzera animatu, inozoak bakarrik ezkontzen zirela eta. Eta amak beti arrazoia izaten duenez, zintzo bete zuten haren esana.

Herrian prakak jantzi zituzten lehendabiziko emakumeak izan ziren, mendirako gona baino erosoagoak zirelako; eta amak josi zizkien prakak, jostuna zelako. Maria Jesusek gidabaimena atera zuenean, berriz, Europan barrena bidaiatzeari ekin zioten. Maria Jesus, Maria Angeles eta ahizpa gazteena, Encarnita, joaten ziren bidaia horietara. Hiru emakume, auto batean. Jugoslavia ohiraino iritsi ziren. Euskal Herrian eta Espainian barrena antolatzen zituzten goi-mendietako kanpamentuetara ere sarri joaten ziren; neska bakarrenetakoak izaten ziren.

Etxean sekula ez zieten oztoporik jarri, nahi zutena egiteko askatasuna eman zieten, eta gustuko zutena egiteko baliatu zuten. Bazekiten beraien bizimodua ez zela ohikoena, herriko beren adineko emakume gehienena, eta jardungo zuten, baina bost inporta zitzaien. Urteen zamagatik ez balitz, lehengo martxan jarraituko lukete, baina besterik ezean, egindakoaren oroitzapenak hor dituzte; lau anai-arrebak egongelan jarri eta sarri berritzen dituzte. Bizitakoaren seinale. Ni ere, badaezpada, saiatu egingo naiz, eta gero-gerokoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide